Telmo Trenorrek prest du 'Z8rtziko' lan berria
Donostiako Telmo Trenor musikari eta ekoizleak hilaren 12an plazaratuko du Z8rtziko izeneko bakarkako hirugarren lana. Kasetean eta formatu digitalean eskuratu ahal izango da. Hamabost kantuko lana da, bi aldetan banatuta. Aurrerapen gisa, Haus Of Beats zigiluaren Bandcamp atarian hiru abesti entzun daitezke.
Hain zuzen ere, zigiluak horrela aurkeztu du bere seigarren erreferentzia: “Samplergintza da lanaren funtsa nahiz eta sintetizadore ezberdinak ere erabili diren lana osatzeko. Berezitasun nagusia, ekoizpen prozesuan 8 pista besterik erabili direla da, horregatik ‘Z8rtziko’ izenburua, euskal erritmo tradizionalaren antzera. Trenorren esanetan, kantu guztiak era nahiko inpultsiboan egin dira, askotan, piezak aurreko abestiaren elementuekin bat eginez izan dira sortuak, egiturari arreta gehiegirik jarri gabe. Emaitza lan hetereo xamarra da, nortasun sailkaezina duena eta soinu desberdinetan zehar bidaiatzen duena, non Euskal zapore nabarmena duten sampleak, perkusio brasildarrak, baxu funkyak edota arpegio elektronikoak nahasten diren, besteak beste”.
Abesti bakoitza bideo batekin ilustratu du Trenorrek. Kristina Arrazola eta Arturo/Fito Rodríguez bideo artistek sortu dituzte beraien artxibo eta iturri propioetan irudiak bilatuz. Artelana, berriz, Kaikoo Studio bilbotarraren obra da, euren Dantzair diseinu klasikoaren birmoldaketa batekin osatua.