"Lesioen prebentzioa oso garrantzitsua da"
Urte asko daramatza Juan Manuel Olidenek bere osteopatia zentroarekin. Orotariko pertsonak jasotzen ditu bertan, baina asko kirolariak izaten dira, profesionalak zein amateurrak. Lehenak ez lesionatzeko joaten direla dio, baina bigarrenak gehienetan kontsultara lesionatuta joaten direla gehitu du.
Korrikalarientzat prebentzioa eta neurria hartzen jakitea ezinbestekoak direla dio Juan Manuel Oliden osteopatak. Kirolari asko joaten dira bere kontsultara, eta hasi berri diren korrikalari asko jada lesionatuta joaten direla azpimarratu du Olidenek: «Korrikalari profesionalak edo asko aritzen direnak normalean ez lesionatzeko etortzen dira, baina pertsona asko datoz duela gutxi korrika egiten hasi eta lesionatu egin direnak. Jende asko hasten da korrika egiten sasoian egoteko, eta Behobia-Donostia lasterketan izena ematen dute helburu jakin bat izateko. Hala ere, pertsona hauek jakin behar dute korrika egitea, nahiz eta kirol oso ona izan, inpaktu handikoa ere badela, eta ohituta ez bazaude erraz lesionatu zaitezkeela».
Arazo hauen aurrean, Olidenen gomendioa gutxinaka korrika egiten hastea da, eta eragozpen fisikoak izaten hasiz gero, profesionalen eskuetan jartzea: «Inoiz kirolik egin ez duen pertsona batek korrika egiten hasi nahi badu, progresiboki hastea gomendatuko nioke, eta gorputza arintzen eta mugimenduari egokitzen doan heinean karga handitzen hastea».
Bestalde, lesioak ondo aurreikusiz gero, osteopaten lana askoz errazagoa dela azpimarratu du: «Jendea kontsultara arazo handirik gabe etortzen denean, guretzat askoz errazagoa da gorputz hori orekatzea. Gauzak konplikatu egiten dira lesioak daudenean, txikiak badira ere, eta hor dago arriskua. Izan ere, nahiz eta lesio txikiak izan, ez badira ondo tratatzen, handitu egiten dira gero».
Artikulazioekin arazoak
Korrika egitea oso kirol ona dela garbi du Olidenek, baina horretarako egokituta egon behar dela nabarmendu du behin baino gehiagotan. Korrika egiteko prest ez dagoen pertsona bat une batetik bestera kilometro asko egiten hasten bada, artikulazioetan eta muskuluetan arazoak egon daitezkeela dio: «Artikulazioentzat oso agresiboak izan daitezke oinkadak, eta muskularki desoreka handiak sortu ditzakete».
Pisuaren garrantzia
Korrika egitean pisu egokian egotea ere garrantzitsua da. Lehenik eta behin, pisu gehiegi duten pertsonen artikulazio eta muskuluek inpaktu gehiago jasan behar dutelako, eta, bestalde, gorputz handia izateak «grabitate lerroak» leku desegokietatik igarotzea eragiten duelako, eta horrek inpaktuak leku desegokian ematea eragiten du.