Udazkeneko usaina
Argazkia: Joseba Parron Egunak igaro dira udazkena gurera heldu zenetik, atzo iraila zela bazirudien arren. Udaren amaiera eta errutinara buelta gogorrak izaten dira, eta konturatzerako, egunak gero eta motzagoak dira. Kexak ugariak izaten dira garai honetan, eguraldia dela, iluntasuna dela… Udazkenak, berriz, ez du halako ongietorria merezi. Bada garaia urtaro honi duen xarma aitortzeko. Kolore gorriz, horiz, laranjaz eta marroiez janzten dira parke eta kaleak, egunero igaro beharreko bideak dotoretuz. Galtzerdi lodiak jarri eta lo goxo egiteko gauak ekartzen dizkigu. Baina onena aipatzea falta da: gaztainak. Udazkenaren usaina dute gaztaina erreak. Hotza datorrenaren seinale dira kaleko postuak, eta ilusioz jaten ditugu gaztainez beteriko kukurutxoak. Beharbada, gure egunerokoa da tristura eragiten diguna, udazkenari errua botatzea aitzakia errazegia da.

