Justizia klimatikoa aldarrikatu dute Kontxan
Larreko Mahaia plataformak deituta, Donostiako hainbat eragile eta herritar mobilizatu egin dira Kontxako hondartzan, eta justizia klimatikoa aldarrikatu dute, “klima ez da negozioa” esaldia mosaiko batean osatuz. Egunotan Glasgow hirian (Eskozia) munduko agintari ugari egiten ari diren Nazio Batuen Esparru Konbentzioko Aldeen 26. Konferentziaren, COP26aren, aurrean egin dute mosaikoa, “denbora amaitzen” ari dela eta “justizia klimatikoa” eskuratzeko neurriak “orain” behar direla aldarrikatzeko.
“Goi bilera hau partziala izango dela salatu nahi dugu, hegoalde globaleko herrialdeen partaidetza oso txikia izango baita –horiek ari dira ondorioak gehien jasaten–, ezarritako murrizketengatik eta txertoen eskasiagatik”, salatu dute, eta nabarmendu dute berotze globala “saihestezina” dela: “Ezin dugu berotze globala arintzeko konponbideak atzeratzen jarraitu, 2100. urterako 1,5 graduko berotzea ez gainditzeko, eta trantsizio ekologiko eta soziala bultzatzeko. Klima aldaketaren ondorio larrienak saihesteko bidean, iparralde globaleko herrialdeok erantzukizun handia dugu; are handiagoa bertako eliteek. Esaterako, 2018an 8,7 tona CO2 isuri ziren Euskal Herriko biztanle bakoitzeko, Europako Batasuneko (8,6 tona) eta munduko (6,6 tona) batez bestekoen gainetik; munduko %10 aberatsenak, bestalde, isurketa guztien erdia sortzen du”.
“Neoliberalismoak bizitzaren eta gizartearen euskarriak suntsitzen” jarraitzen duela gaineratu dute, eta “norabide aldaketa sakona” eskatu diete agintariei. Era berean, adierazi dute “klima larrialdiak, borroka globala izanik ere, tokian tokiko erantzunak” behar dituela: “Ezinbestekoa iruditzen zaigu ageri-agerian uztea hemen, gurean, Euskal Herrian, egiten diren hondakin, biodibertsitate, lurralde antolaketa eta energia politikek larrialdi egoera globalarekin zerikusi zuzena dutela”.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastian argazkilariak mobilizazioan egindako argazkien bilduma: