Etxebizitzaren egoerari buruzko batzorde ez-iraunkor bat sortzea proposatu du Elkarrekin Donostiak
Etxebizitzaren egoera dela eta, Elkarrekin Donostia udal taldeak ezinbestekoa ikusten du herritarrek bizileku bat izateko duten eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren mekanismoak sortzea. Hau dela eta, koalizio ezkertiarrak etxebizitzaren egoerari buruzko batzorde ez-iraunkor bat sortzea proposatu du. Batzorde konek alderdi politikoek, etxebizitzarako eskubidearen aldeko kolektiboek eta hiriko kontseilu aholku-emaileetako eta kontseilu sozialeko kideek “elkargune iraunkor bat” izatea du helburu, lehenik eta behin, hiriko etxebizitzaren egoera aztertzeko, eta ondoren “etxebizitza bat eskuratzeak dakarren egoera zailari aurre egiteko neurriak planteatzeko”.
Haizea Garay Elkarrekin Donostiako zinegotziak dio udal gobernua ez dela gai honi buruz hitz egiten ari, eta salmentan edo alokairuan dauden etxebizitzen prezioaren igoera neurrigabearen aurrean “beste alde batera begiratzen duela” gehitu du. Hau dela eta, etxebizitzaren helburu soziala betetzen dela bermatzeko unea dela dio Garayk.
“Udal Gobernuak ez du aintzat hartzen Donostiako herritarren errealitatea, egunetik egunera zailagoa ikusten baitu beren bizi-proiektua hirian garatzea etxebizitzaren prezio neurrigabeen aurrean”, adierazi du zinegotziak.
Etxebizitzaren egoera datutan
Garayk gogora ekarri ditu 2020. urteko hiri barometroan etxebizitzaren inguruan argitaratu ziren datuak. Hileko bataz besteko alokairua 1.217 eurokoa da datu hauen arabera, eta etxebizitza berrien nahiz erabilien salmenta prezioek %5 egin zuten gora, bataz beste.