Greziako errefuxiatuentzako oinetako bilketa antolatu du Zaporeak elkarteak
Zaporeak elkarteak oinetako bilketa antolatu du azaroaren 13an Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu eta hainbat herrietan. Elkarteak adierazi duenez, migrazio mugimenduak ez dira eten, eta 2020an 82,4 milioi pertsona haien etxeetatik ihes egitera behartuak izan ziren.
Negua hurbiltzen ari da eta errefuxiatuen esparruetan ez dituzte hotzari aurre egiteko azpiegitura nahikoak. Hori dela eta, elkarteak modu “erraz eta polit” batean lagundu nahi du kanpaina honekin. Botak, zapatilak, zapatak eta egoera onean dauden eta erosoak diren oinetakoak jasoko dira bertan. Takoidun oinetakoak, ordea, ez dira jasoko. Donostian, Gipuzkoa Plazako arkupetan jarriko dute bilketa gunea eta 10:00etatik 17:00ak arte izango dira bertan. Jantzi negua lelopean abiatu dute kanpaina.