Hamahiru konpainiak eman dute izena 2022ko haur danborradako pertsonaiak euren gain hartzeko
2022ko San Sebastian eguna gerturatzen ari da, eta Donostiako Udalak prestakuntza lanekin jarraitzen du. Hain zuzen, jakinarazi du hiriko hamahiru konpainiak eman dutela izena haur danborradako pertsonaiak egiteko. Danbor Nagusia Orixe Ikastolako ikasleen artean aukeratuko dute, beraien txanda delako. Pertsonaiak egiteko, ordea, sei konpainia gelditzen ziren, baina denek txandari uko egin diote, hainbat arrazoirengatik. Horregatik, udalak izena emateko epea ireki zuen joan den astean, ondoren pertsonaiak euren gain hartu nahi dituzten haur danborradako konpainien artean zozketa egiteko.
Horrela, astelehenean itxi dute izena emateko epea, eta hamahiru konpainiak eman dute zozketan parte hartzeko izena: Aitor Ikastolak, Amara Berri Ikastetxeak, Arantzazuko Ama Ikastolak, Axular Lizeoak, San Patricio Ikastetxeak, Jesuitinas Ikastetxeak, Mary Ward Ikastetxeak, Mundaiz Ikastetxeak, Deutsche Schulek, Hipika E.E. Lantzariakek, Salesianosek, Santo Tomas Lizeoak eta The English Schoolek. Ostegun arratsaldean egingo dute zozketa, eta orduan jakinaraziko dute zein konpainiak egingo dituen Donostiako gizartea eta jaiak ordezkatzen dituzten hemeretzi pertsonaiak.