La Polla Records taldeak Donostian esango dio agur Euskal Herriari
La Polla Records punk eta rock talde ezaguna bere azken bira egiten ari da, eta iragarri du Donostian eskainiko duela Euskal Herriko azken kontzertua. Hain zuzen, Anoetako belodromoan izango da, abenduaren 29an, eta Lendakaris Muertos taldea eta El Drogas musikaria izango ditu bidelagun.
Irailaren 25an hipodromoan jotzekoa zen Evaristo Paramosen taldea, baina emanaldi hori atzeratu egin zuten, eta abendukoa da horren ordezkoa. Hipodromorako erositako sarrerek belodromorako balioko dute (antolatzaileak sarrerak erosi zituztenekin harremanetan jarriko dira), eta gainontzeko sarrerak azaroaren 25ean jarriko dituzte salgai lasttour.net eta seetickets.com webguneen bidez.