Nazioarteko zinema mintegia egingo dute Tabakaleran
Zinetik Atera Zinemaren Nazioarteko VI. Mintegia egingo dute Tabakaleran azaroaren 12tik 14ra. Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak elkarlanean egindako Zin Ex. Gorputza eta arkitektura erakusketarekin elkarrizketa moduan sortu da. Erakusketa Florian Wüstek komisariatutako egitasmoa da, eta mintegia bere jarduera paraleloen programaren barruan dago.
Erakusketatik ateratako esaldia da “zinetik atera”. Bi egun eta erdi emango dituzte mintegiko parte hartzaileek gonbidatuekin batera performance, hitzaldi, elkarrizketa eta pelikulen bitartez esaldi horren inguruan hausnartzen: “Zer da zinea definitzen duena eta zer esan nahi du hortik ateratzeak?”.
Aurten, Erika Balsom zine teorikoa, Érik Bullot zine teoriko eta zinegilea, Anouk De Clerq eta Distcoteca Flaming Star artistak, Jorge Moneo zinemagilea eta Florian Wüst komisarioa izan gora parte hartzaile moduan.
Azaroaren 12an abiatuko da mintegia, Lur Olaizolak egingo du sarrera eta Octavio Cortázar, Herz Frank eta CHLOÉ Galibert-laînén pelikulak proiektatuko dituzte. Jarraian, Anouk de Clercq zinegileak hitzaildia eskainiko du Black 2015eko bere film laburraren emanaldiaren ostean. Egitarau osoa eta sarrerak Tabakalerako webgunean daude eskuragarri, eta Tabakalerako Info Puntuan ere erosi daitezke.
Nazioarteko zine mintegia 2016an antolatu zen lehen aldiz. Egitasmoaren oinarria sorkuntza artistikoa eta zinematografikoaren arteko harremana eta gogoeta sustatzea da. Artista eta pentsalariak gonbidatzen dituzte hiru egunez, elkarrekin mugimenduzko irudiei buruz pentsatu eta lan egiteko.