Aldundiarekin bildu ostean, greba egingo dute bihar zahar etxeetako langileek
Gipuzkoako zahar etxeetako sindikatuek bilera bat egin zuten atzo Gipuzkoako Aldundiarekin. Adinekoen egoitzei buruzko txostenaren berri eman zieten, baita sektorearen etorkizunerako gomendio eta proposamenak azaldu ere.
ELAk adierazi duenez, aldundiak aintzat hartu beharko lituzke langileek eta euren ordezkariek ratioen inguruan egindako eskariak. “Gatazka hasi eta hiru urte eta 253 greba egun igaro direnean, aldundiaren proposamen horien artean ez dago langileek pairatzen duten prekarietatea eta soldata arrakala gainditzeko hitzarmen duin baten beharra, ezta zerbitzua hobetuko luketen ratioak egokitzeko benetako eztabaidarako bidea ere”, salatu du sindikatuak.
Bihar beste greba egun bat izango da Gipuzkoako zahar etxeetan, berriz ere egoera larria ezagutzera eman eta irtenbideak eskatzeko. Goizeko 11etan elkartuko dira Gipuzkoa plazan. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte.