Arrandegi eraikina berritzeko 1,6 milioi euro aurreikusi ditu udalak aurrekontuetan
(Argazkia: Inaxio Esnaola) Donostiako Udaleko Hiri Proiektuen sailak 7.818.831 euroko aurrekontua kudeatuko du 2022an. Kopuru horretatik 5.434.133 euro hainbat inbertsiotarako izango dira. Horien artetik esanguratsuena da Bretxako Arrandegi eraikina berritzeko bideratuko duten diru zatia. Hain zuzen, 1,6 milioi euro aurreikusi dituzte Arrandegi eraikinean Osakidetzaren anbulatorio berria eta hainbat ekipamendu komunitario kokatzeko.
Beste proiektu batzuen berri ere eman du Hiri Proiektuen sailak.
- 850.000 euro Antso Jakitunaren bakoitien espaloia egokitzeko. Parterre berriak sortu, argiak eta hiri altzariak aldatu eta dagoen zuhaiztia errespetatuko da.
- 800.000 euro Kontxako baranda berritzeko, Bigarren Mendeurrenaren plazaren eta Eguzki klubaren artean. Kontxako bidegorria handitzearekin eta Zubieta plazako trafikoaren konfigurazio berriarekin batera egingo da.
- 500.000 euro gorde dira Anoeta estadio inguruko urbanizazio lanetarako.
- 400.000 euro Egiako Alaialde inguruan igogailu publiko bat jartzeko.
- 400.000 euro Haizearen Orrazia egokitzea mugikortasunaren ikuspuntutik, Peña Gantxegik diseinatutako multzo artistikoari kalterik egin gabe.
- 200.000 euro Sorleku parkea egiteko, Marrutxipiko kotxetegiaren beheko aldean. Parkeak herritarren parte hartzea izango du, batez ere, haurrena, diseinua zehazteko.
- 164.134 euro Altzako Felix Iranzo aparkalekua egokitzeko. Lur gaineko lehen aparkalekua da, iraunkorra, euri urak drainatzeko sistema bat barne hartzen baitu. Harri Berri kalearen bukaeran dago, eta auzoan aparkatzeko tokirik ez izatea arindu nahi du.
- 100.000 euro Amara Berriko Ferrerias plaza hobetzeko. Lurpeko aparkalekua eraiki ondoren, orain dela urte batzuk birgaitu zen plaza da, baina jarduketa gehiago eskatzen ditu.


