Diabetesaren Munduko Egunaren bueltan, jarduerak egingo dituzte asteburuan
Igandean, hilaren 14an, Diabetesaren Munduko Eguna ospatuko da, eta, horren harira, Donostian jarduerak egingo dituzte larunbatean eta igandean bertan. Mundu osoko diabeteserako arreta sarbidearen aldarrikapenean zentratuko da eguna: “Intsulina aurkitu eta 100 urtera, mundu osoan diabetesa duten milioika pertsonak ezin dituzte behar dituzten zainketak jaso. Diabetesa duten pertsonek etengabeko arreta eta laguntza behar dute beren egoera kontrolatzeko eta konplikazioak saihesteko”, azaldu du udalak, eta gehitu du COVID-19arekin gauzek okerrera egin dezaketela.
Alde batetik, udaletxea urdinez koloreztatuko dute larunbatean, eta, bestetik, egun osoko egitaraua garatuko dute Tabakaleran, 10:00etatik aurrera: hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta jokalariek sinatutako Realaren kamisetaren zozketa egingo dituzte. Hurrengo egunean, igandean, Behobia-Donostia egingo dute, eta Gipuzkoako Diabetes Elkarteak hornidura postua eta informazio karpa jarriko ditu Okendo kalean.