Egitarau zabala Feministaldian, dena astintzeko
XVI. Feministaldia aurkeztu dute Tabakaleran. (Argazkia: Feministaldia) XVI. Feministaldia aurkeztu du ostegun goizean Plazandreok plataformak, eta egitarau zabala prestatu dute azaroaren 16tik 20ra. Aurten, Sismika izango da leloa: “Sismika dira gorputzek lurraldeetan egiten dituzten desplazamenduak: eta zerikusirik ez dute bidaia derrigortuek edo soilik batzuen beharrei erantzuten dieten prozesu turistifikatzaile eta gentrifikatzaileek eragindako mugimenduek. Era berean, Sismika dira emakumeok* elkarrekin garatzen ditugun estrategiak, gerrak, disidentziak eta erresistentziak. Espero ez dugun lurrikara da Sismika, kultura feministak dakarren luizia, ordena astintzeko behar bizia, eta horri eutsi nahi diogu ere bizi dugun garai sismiko honetan”, azaldu du Leire San Martin koordinatzaileak.
Egitarau zabala prestatu dute, eta zinema, literatura, musika eta gizarte gaiak presente egongo dira, beti ere, feminismoaren testuinguruan. “30 artista, aktibista eta pentsalaritik gora izango dira Feministaldian, eta bakoitzak bere diziplinan mugitzen ari den horretan jarriko du fokua: val flores idazle eta aktibista; Huelvako Jornalerak Borrokan; Laura Macaya eta Nuria Alabao, Alianzas Rebeldes. Un feminismo más allá de la identidad argitalpeneko parte hartzaileak; Euskal Herriko Neska* Gazteak; Beatriz Herraez, Elvira Dyangani Ose eta Yaiza Hernandez; Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador musikariak; Maialen Sagues militante antiespezista; Eider Rodriguez eta Karmele Jaio idazleak; eta Paloma Chen kazetari, aktibista antirrazista, poeta eta idazlea, besteak beste”, azaldu dute antolatzaileek. Egitarau osoa jaialdiaren webgunean kontsultatu daiteke.
Tabakalerarekin elkarlanean antolatu dute jaialdia, jarduera gehien-gehienak han izango baitira. Era berean, Emakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere lagundu dute antolaketan. Tabakalerak, espazioa eskaintzeaz gain, bi jarduera ere proposatu ditu: azaroaren 16an, 19:30ean, Kearen Artxibogileek Historia astinduz bisita performatiboa egingo dute, Tabakalera Plazan. Eta, azaroaren 18an, 19:00etan, Memoria ariketak zine emanaldia eta hitzaldia izango da nucbeade-ren (Quiela Nuc eta Andrea Beade) eskutik, Zinea 1 aretoan. Jarduera gehienetarako sarrera librea izango da aurten, eta streaming bidez ere eskainiko dituzte. Bukaerako festa Mogambo aretoan izango da, hilaren 20an.


