Japoniako inbertsio funts pribatu batek erosi du Santa Teresa komentua
Londresen oinarrituta dagoen inbertsio funts pribatu japoniar batek erosi du azkenean Parte Zaharrean dagoen Santa Teresa komentua, Diario Vasco-k argitaratu duenaren arabera. Country Hall Arts (CHA) izena du inbertsio funtsak, eta webgunean duten informazioaren arabera, artean, zineman, literaturan, arkitekturan eta bestelako diziplinetan gazteak edukatzeko helburua du funtsak, “onura publikorako”.
Oraindik ez dago garbi zer egingo duen bertan CHAk, baina dirudienez, ikasleentzako erresidentzia bat egiteko asmoa dute. Izan ere, komentuaren jabe berriek horrelako erresidentzia bat egiteko kontsulta egin dio inbertsio funtsak Donostiako Udalari. Komentuak “babes berezia” du, Parte Zaharreko sei kategorietatik babes maila handiena duena, eta A kategoria ere badu, Parte Zaharreko eta Kaiko Monumentuen Multzoko eraikinetako bat delako. Hau dela eta, jabe zaharrek edozeini saldu aurretik udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaintzeko beharra zuten, baina bi erakunde publikoek ez zuten interesik eraikina erosteko. Hau dela eta, 3,5 milioi euroan erosi du eraikina inbertsio funts japoniarrak.
Oposizioaren kritika
Erosketa honen aurrean, EH Bilduk adierazi du hotel proiektuen aurrean “udal gobernuari kito esateko” ordua dela. Albiste honek “harridura eta haserrea” eragin du Parte Zaharreko bizilagunen artean, gaineratu dutenez. Auzoan bestelako beharrak daudela dio EH Bilduk, eta ostalaritzara bideratutako proiektuak auzoak behar dituen “azken gauzak” direla azpimarratu du. Bukatzeko, udal gobernuari eskatu diote “legezkotasun zalantzagarriko eta zilegitasunik gabeko proiektuak baimentzeari uzteko”.
Bestalde, Haizea Garay Elkarrekin Donostiako zinegotziak sareetan “Donostia salgai” dagoela adierazi du: “Ondarea galtzen ari gara beste batzuek negozioa egin dezaten. Hotelik edo jatetxerik egongo ez dela esango dute, baina izen alternatibo bat jarriko diote eta ostatu ematea eta ostalaritza egongo dira. Beste urrats bat “oporretarako hirian”.