Nuria Cullak taldea osatu eta 'I used to' abestia aurkeztu du
Donostiako Nuria Culla musikariak zortzi urte egin ditu bakarlari gisa, eta orain taldea osatzea erabaki du. Cullak alboan ditu Gonzalo Encinal (teklatua), Edi Saborit (bateria) eta Jesus Perez (baxua) musikariak. Lauko formatuan plazaratu du I used to singlea. Oiartzungo Mecca estudioetan grabatu zuen kantua, eta bideoklipa Dani Azpitartek eta Martin Ugaldek (Seto Films) egin dute.
“Pop estilokoa da, baina jazzaren eragina nabari da harmonietan eta erabilitako konpasean. Duela urte batzuk konposatu zuen, baina eraldatzen joan da abeslaria musikalki garatu ahala. Abestiak ezinezko maitasunak eta norbanakoak bere buruari egiten dizkion iruzurrak ditu ardatz”, dio promozio orriak.
Cullak 27 urte ditu eta abeslaria, gitarrista zein konpositorea da. Gitarra klasikoa ikasi zuen Donostiako kontserbatorio profesionalean eta gaur egun Musikenen kantuko ikasketak egiten ari da jazz espezialitatean. 2018an Lluvia de marzo en Venecia lehen lan laburra kaleratu zuen, eta 2019an Ya no estás singlea.