San Martin eguna ospatu dute gaur egun osoko egitarauarekin
San Martin eguna da gaur, eta hala ospatu dute San Martin auzoan, auzo elkarteak antolatutako egitarauarekin. Duela zenbait urte, auzoko jaiak ez ziren egun bakarrera mugatzen. Azkenaldian, ostalaritza arloko negozioek bezeroei odolki pintxo bat emateko tradizioari baino ez zioten eutsi. Hala, auzoko hamalau bat taberna eta jatetxetan zerri gorri batzuk jarri dituzte. Hala ere, egitarau osatuagoa eskaini dute aurten.
Goizean Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak ibilbidea egin du auzoan zehar, eta ondoren, Txalapart-Eroak taldearen txalaparta saioek girotu dute auzoa. Hainbat geldialdi egin dituzte eta Kontxako erlojuetan esaterako, jende ugari hurbildu da ikuskizuna ikusi eta bertan parte hartzera.
Eguerdian, omenaldi pribatua egin dute Covent Garden gunean. Bertan, Niza Hotela omendu du San Martin Auzoa elkarteak. 13:30etik 15:30era San Martin auzoko ostalariak odolki pintxoak oparitu dizkiete bezeroei, eta bitartean, txaranga batek musikaz bete ditu inguruko kaleak. Azkenik, arratsaldean, Deutsche Schule ikastetxeak Laterne Sankt Martin desfilea egin du.