Garberak kontzertu batekin inauguratuko du hilaren 24an aisialdi eta ostalaritza gune berria
(Argazkia: Garbera) Garberako aisialdi eta ostalaritza gune berria hilaren 24an irekiko dute. Ana Mena artistaren kontzertu batekin inaugurazio festa bat egingo dute. Eraikin berriak arkitektura eta diseinu bereziak ditu, eta hamabi jatetxe izango ditu. Guztiek espazio eta terraza zabalak izango dituzte, eta, gainera, Terracity kontzeptua lantzen duen kanpoko terraza bat izango du.
Eraikin berriak goizez irekiko ditu ateak, baina arratsaldean hasiko da bezeroei zuzendutako festa, doako sarrerarekin edukiera bete arte eta COVID-19 neurriak errespetatuz. Bezeroentzako ekitaldia 16:00etan hasiko da, DJ baten eskutik. Ana Menaren kontzertua, berriz, 19:00etan hasiko da.
Establezimenduak eta markak
Garberako eraikin berriak ondorengo establezimenduak eta markak izango ditu: Saizar sagardotegia eta Ogi Berri; Gipuzkoan bere lehen lokala irekiko duen Kentucky Fried Chicken (KFC); tex-mex sukaldaritzan espezializaturiko Taco Bell katea; Garberara bere haragi onenen aukeraketa ekarriko duen Brasayleña; bi lokal handi izango dituzten Starbucks eta McDonald’s; eta janari hawaiiar tradizionala eta japoniarra konbinatzen dituen Poke House. Horiei guztiei, amerikar janari tipikoa eta tex-mexa dituen Foster’s Hollywood; italiar artisau janaria ekarriko duen Ginos; eta gustu guztietarako dozenaka plater eskainiko dituen Vip’s gehitu behar zaizkie.
Espazio berriak premium zinema aretoak ere izango ditu, Garberara LUXE kontzeptua ekarriko duen Cinesaren eskutik. Zazpi areto izango dira, oso eserleku eroso eta etzangarriekin, eta abenduaren erdialdean inauguratuko dira.

