Kaioa tabernak eta Egiako Gazte Asanbladak arrazakeria salatzeko elkarretaratzea egingo dute
Elkarretaratzea deitu du Egiako Gazte Asanbladak Kaioa tabernarekin batera, auzoan azken aldian eman diren “lapurretak, mehatxuak eta bortizkeria” kasuak salatzeaz gain, “hedabideek sortutako diskurtso erreakzionario eta arrazistak gogor” salatu nahi dituzte. Igandean, hilak 21, izango da elkarretaratzea, 12:00etan Blas de Otero plazan, Kaioa taberna parean.
Kaleratu duten irakurketan, jazotako gertaerak “egun bizi dugun proletarizazio prozesuaren ondorio gisa” ulertzen dituzte: “Pobretze eta bizitzaren garestitze orokor baten aurrean aurkitzen gara langileok: soldata jaitsiera, laguntza publiko eza, argindarraren prezioaren gorakada, alokairu neurrigabeak (Donostian bereziki) eta abar luze bat”.
Elkarretaratzeko deitzaileek kezkaz ikusi dute, gertakari hauen aurrean diskurtso arrazista zabaldu izana, eta “hura errepikatzen duten auzokideek arazoari aterabide poliziala planteatzen” amaitzen dutela adierazi dute. Gaineratu dutenez, “kontrol sozialaren areagotzea eta polizialaren presentzia ez dira sekula arazo honen irtenbidea izango”.

