Kuartel berririk eraiki ez dezaten eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute
(Argazkia: Bake Ekintza Antimilitarista) Herenegun, Kuartel berririk ez! ekimenak sinadura bilketa bat abiatu zuen Donostiako Bulebarrean eta “munduan”, instalazio militar berriak ez direla behar aldarrikatzeko. Hogei entitatek baino gehiagok osatzen dute ekimena, eta webgune honetan jaso dituzte beraien oinarriak zein helburuak.
“Estatuko gobernuaren eta EAJren arteko 2021 urteko aurrekontu itunak zuzenketa bat jasotzen zuen zehaztuz gaur egun Loiolako kuartelak hartzen dituen lurrak Donostiako Udalaren eskuetara pasa beharko zirela abenduaren 31a baino lehen. Defentsa Ministerioak Gipuzkoan beste eraikin militar bat ezartzeko asmoa adierazi du”, gogoratu du ekimenak.
Argi adierazi nahi dutela ez dela kuartel berririk behar, “ez Donostian, ez munduan eta ezta beste inon ere”. Gastu militarra inbertsio eta alternatiba sozialetara bideratu behar dela diote. Hala nola, osasun, kultura eta ingurumen alorrera. “Gizarte desmilitarizazio prozesu orokorrak abiatu daitezela eskatzen dugu: bidezko politika ekonomiko eta internazionalak, gatazkak ez daitezela indarkeria bidez konpondu, armagintza enpresak produkzio zibilera bideratu… Gure ustez herritar askok bat egiten dute ideia hauekin, eta sinadura bilketaren bidez euren iritzia entzunarazteko aukera eskaini nahi dugu”, nabarmendu dute.

