Urrezko Danborra jasotzeko 86 hautagaitza onartu dituzte
Urrezko Danborra. Igandean bukatu zen 2022ko Urrezko Danborrerako hautagaiak aurkezteko fasea. Herri Partaidetza sailak aurkeztutako proposamenen azterketa egin zuen atzo, eta Idazkaritza Orokorrari helarazi zizkion, hurrengo egunetan balioztatzeko.
Udalak martxan jarritako sistema telematikoak 355 sarrera jaso ditu azaroaren 2tik 14ra proposamen ezberdinak egiteko. Behin lehen azterketa eginda, 71 baztertu ditu Herri Partaidetzak hirian erroldatuta ez dauden pertsonak egin dituztelako eta akatsak zituztelako. Gainera, beste hamalau baztertu ditu araudian ezarritako baldintzak ez zituztelako betetzen. Ondorioz, 270 pertsona fisikok eta juridikok proposamen zuzenak egin dituzte. Horietatik bostek izaera juridikoa dute eta 265 pertsona fisikoak dira.
Hainbat pertsona fisiko edo juridikok hautagaitza bera aurkeztu dute, hortaz, behin aurkeztutako izenak multzokatuta, 86 dira Urrezko Danborra jaso dezaketen hautagaitzak. Dena den, Idazkaritza Orokorrak horiek guztiak balioztatu behar ditu, eta behin betiko zerrenda aurkezteko hamar lan eguneko epea du. Behin proposamenen azterketa eta argitaratze prozesua bukatuta, espedientea Bozeramaileen Batzordera bideratuko da. Eta Bozeramaileen Batzordeak azaroaren 29tik abenduaren 3a arte izango du hiru hautagaitza aukeratzeko herri bozketan parte hartzeko, edo baldin eta adostasun handia balego –udalbatzaren bi heren, hau da, 27 zinegotzietatik 18– zuzenean sariduna izendatzeko.
Hiritar Merezimenduaren Dominak
Datorren astelehenean, hilaren 22an, abiatuko du udalak Hiritar Merezimenduaren Dominak aukeratzeko prozesua. Ordutik abenduaren 5era bitarte egin ahal izango dira proposamenak, Urrezko Danborraren aukeraketaren baldintza berberekin.

