Donostiako hotelen bilakaera, urtez urte mapa bakarrean
Haritik Hirira geografo taldeak Donostiako hotelen bilakaera erakusten duen mapa bat aurkeztu du. 1871an lehen hotela ireki zenetik, 2021a arte egondako hotelen kopurua ikusten da. Bilakaeran argi ikusten denez, azken 30 urteotan bilakaera izugarri hazi da.
Donostiako hotelen bilakaera 🏨📈 #HiriaMapan pic.twitter.com/WF46OrIRyU
— Haritik Hirira (@HaritikHirira) November 16, 2021
Zehazki, 2016tik hona 45 hotel eta ostatu ireki dira Donostian –3.600 logela–. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzi izendatu zutenetik, bederatzi hotel berri zabaldu dira hirian. Guztira, berriz, Donostian 192 ostatu daude –11.272 logela–. Atzo, hirigintza sailak hotelak eta ostatuak jartzeko hamar bat eskaera aztertzen ari dela esan zuen Arzallusek. Hotel berriak jartzeko proposamenak baztertzen ari direla gaineratu zuen, udalaren ustez hirian ostatu kopuru nahikoa dagoelako.
Josu del Campo eta Jon Macias geografoek osatzen dute Haritik Hirira taldea. Ezagunak dira hiriko eta Euskal Herriko datuak modu ikusgarrian kaleratzen dituztelako. Hiriko etxebizitzen altuera, parkeek hiriko tenperatuan duten eragina edo apustu etxeen metaketarenak egin dituzte, besteak beste.