Blas de Otero plazako egoerari "konponbide integrala emateko" gogoeta egiteko eskatu du EH Bilduk
Egiako Blas de Otero plazan azkenaldian izandako gertakarien aurrean, Donostiako EH Bilduk bere balorazioa eta hausnarketa plazaratu du ohar baten bidez. Besteak beste, Eneko Goia alkateari eskatu diote “gogoeta” egiteko, eta “arazoari konponbide integrala emateko lehenbailehen neurriak hartzeko”.
Adierazi dute “ukaezina” dela “arazo bat dagoela Mandasko Dukearen kalean, Blas de Otero plazan, Tabakalera inguruan eta abarrean. Eta erabat ulergarria dela bertako bizilagunen, dendarien eta ostalarien kezka eta haserrea”. Horregatik, “elkartasuna” adierazi diete “mehatxuak, eraso fisikoak, irainak edo lapurretak sufritu dituzten guztiei”. Horrez gain, “elkartasun bera” adierazi diete “duintasunez bizitzeko oinarrizko beharrak aseta ez dituzten herritarrei, duela urtebetetik, Donostiako Udal Gobernuak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak eman beharko lizkieketen baliabide sozialak ematen ari zaizkien boluntarioei eta elkarteei (Harrera Sarea, Sos Arrazakeria, elikadura taldeak…)”. “Egian, segurtasun eta bizikidetza arazo baten aurrean gaude, eta herritar guztien premiak aseta eta eskubide guztiak bermatuta etorriko da irtenbidea (segurtasun eskubidea, elikadura eskubidea, bizitoki eskubidea…). Eta, horretarako, esku hartze soziala indartzea ezinbestekoa da. Ez dugu ulertzen, horregatik, zergatik ez dioten erantzuten arazo horri, era integral batean, Donostiako Udal Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak”, gehitu du.
Bestalde, udal gobernuak azkenaldian hartutako erabakiak ere kritikatu dituzte: “Eneko Goiaren gobernuak hartutako zenbait erabakik arazoa areagotu besterik ez du egin. Batetik, kale egoera arrisku nabarmenean dauden hainbat pertsona haien bizitokietatik inongo alternatibarik eskaini gabe kaleratu izana (Moraza, Infernua, Firestone…). Bestetik, Abiadura Handiko Trenaren geltokia egiteko lanetan, behin-behineko pasarela segurtasun aldetik edo puntu kritikorik ez sortzeko neurriak hartu gabe jarri izana (lurpeko pasabideak zituenak bezalakoak)”.
Era berean, PPk azken egunotan izandako jarrera –Egian izan da Borja Corominas zinegotzia, bizilagunekin hitz egiten eta egoerari buruz hitz egiten– “erabat onartezina” dela deritzote, “eta are onartezinagoa, kolektibo osoak jomugan jartzeko eta mezu xenofoboak zabaltzeko erabiltzea, PP egiten ari den bezala”. “EAJ-PSE-EEren udal gobernuaren jarrera ere kezkagarria da, isil-isilik baitago PPren erabilera maltzur horren aurrean. Donostia xenofobiarik gabeko hiria izateko konpromisoa hartu dugu, behin baino gehiagotan, udal taldeok eta konpromiso horrekin koherenteak izatea eskatu nahi du EH Bilduk”, gaineratu dute, baita “bizikidetzarako” duten “konpromisoa berretsi” ere: “Gure prestutasun osoa adierazi nahi diegula eragile guztiei arazo hau, elkarbizitza parametroetan, konpontzen laguntzeko”.