Igarotako bidearen kronologia bat

DBUSek aldaketak egingo ditu hiriko hainbat autobus lineatan

Dbuseko autobus bat Bulebarren. Dbuseko autobus bat Bulebarrean. (Argazkia: Irati Salsamendi)

DBUSek aldaketak egingo ditu 5, 25, 13, 17, 19, 26, 28 eta 33 lineatan, autobusen puntualtasuna hobetzeko. Linea hauetako batzuek geltokiak eta/edo ibilbideak aldatuko dituzte, eta beste batzuek maiztasunean edo ordutegian bakarrik izango dituzte aldaketak. Joan den irailaren lehenean egin zituzten beste aldaketa batzuk, eta aldaketa berri hauek azaroaren 22an, astelehena, sartuko dira indarrean.

Geltokietan eta/edo ibilbidean aldaketak izango dituzten lineak:

  • 5-Benta Berri linea: Bulebarra eta Zuatzu Enpresa Parkea lotzen dituen linea hemendik aurrera Zumalakarregi eta Tolosa hiribideetatik igaroko da, eta ez Matia kaletik.
  • 17-Gros-Amara-Miramon linea: Antso Jakituna 12ko geltokia kendu egingo du DBUSek, Mendeurrenaren plazako geltokitik gertu dagoelako.
  • 26-Amara-Martutene linea: Martutene-Bulebarra zatian ibilbide aldaketa izango du linea honek. Easo plazatik igaro beharrean, Antso Jakituna 35etik aurrera Gernikako Arbola pasealekuan sartuko da autobusa, eta bi geltoki berri izango ditu: Gernikako Arbola pasealekuan bat, eta Maria Cristina zubian bestea. Easo plazako eta Easo 19ko geltokiak kenduko dituzte.
  • 33-Larratxo-Intxaurrondo-Antigua-Berio linea: Lanegunetan zerbitzu guztiak Igararaino iritsiko dira hemendik aurrera, eta ez da Illarratik gehiago igaroko. Larratxotik irteera gehigarri bat egongo da gauean, eta 22:10ean abiatuko da Garberatik eta 22:15ean Larratxotik.

Maiztasunean aldaketak izango dituzten lineak:

  • 19-Aiete-Bera Bera linea: 20 minutuko maiztasuna izatetik 15 minutukoa izatera igaroko da linea hau. Gipuzkoa plazako lehen irteera bost minutu aurreratuko da, eta 07:15ean aterako da.
  • 28-Amara-Ospitaleak linea: Orain arte 5-8 minutuko maiztasuna izan du linea honek, baina datorren astelehenetik aurrera 6-7 minutuko maiztasuna izango du.

Ordutegi aldaketak izango dituzten lineak:

  • 25-Benta Berri-Añorga linea: Ordutegiak 5. linearekin koordinatzeko, Errekalden eta Bulebarrean aldaketak izango ditu 25 lineak irteera orduetan. Lanegunetako azken irteerak 22:00, 22:30 eta 23:28ean izango dira Errekalden, eta Bulebarrean, berriz, 21:31, 22:00, 23:00etan izango dira.
  • 13-Altza linea: Aipatutako lineetan egingo diren aldaketak direla eta, linea honetan ere aldaketak egingo dituzte, azken zerbitzuetako irteera orduetan. Hemendik aurrera, 23:00, 23:30 eta 00:00etan izango dira Bulebarretik aterako diren azken autobusak, eta Larratxotik, bestalde, 23:00, 23:15 eta 23:30etan aterako dira azken autobusak.
HITZAkide HITZAkide