"Bizilagun guztion ardura da zurrumurru arrazistak etetea"
Egiako hainbat eragilek adierazpen bateratua aurkeztu dute, Blas de Otero plazaren inguruan izan diren gertakariak direla eta. Erakunde publikoei eskatu diete bizilagun guztien eskubideak bermatzeko.

Azken egunetan Egiako Blas de Otero plazaren inguruan izan diren gertakarien inguruko hausnarketa plazaratu dute. Auzoko eta hiriko hainbat eragilek sinatu dute adierazpena. Besteak beste, SOS Arrazakeriak, Egia Bizirik auzo elkarteak, Emaus Gizarte Fundazioak eta Hiritarron Harrera Sareak.
«Orain arte irakurritakoek eta atera diren kontrastatu gabeko informazioek kezka sorrarazi digute egoerak har dezakeen norabidearekiko», adierazi dute. Auzoan izaten ari diren lapurretak eta mehatxuak «onartezinak» direla diote, eta ulertzen dute bizilagunengan segurtasun eza eragitea. Hedabide batzuek egoera baliatuz harturiko «jarrera arrazistak» kritikatu dituzte: «Beraien egunkari eta sareetan gezurrak nahiz kontrastatu gabeko datu eta informazioak jarri dituzte, errua eta ardura guztia kolektibo baten gain utziz, eta egoera zaurgarrienean daudenen kontrako zurrumurru arrazistak zabaltzen kolaboratuz».
Auzo seguru baten alde
Egia auzo seguru baten aldeko lana bizilagun guztien eskubideak bermatzetik abiatzen dela uste dute, «bizilagunon jatorria edozein izanda ere». Eskubide horiek bermatzearen ardura administrazio publikoarena dela nabarmendu dute: «Ez soilik polizia eta segurtasun kamera gehiago jarriz, baizik eta etxebizitza duina, oinarrizko elikadura, osasun zerbitzu egokiak eta urbanistikoki bizigarriak diren espazioak eskainiz».
Eragileek argi utzi nahi izan dute migrazioak eta kultur aniztasunak ez duela segurtasun eza sortzen auzoan. «Aipatutako oinarrizko eskubideak bermatuta ez edukitzearen ondorioa da. Hau honela izanik, bizilagun guztion ardura da zurrumurru arrazistak etetea, eta honako egoeren aurrean udalak dagokion erantzuna eman dezan exijitzeko gure artean antolatu eta saretzea», adierazi dute.
Elkarretaratzea
Egiako Gazte Asanbladak elkarretaratzera deitu du iganderako. 12:00etan Blas de Otero plazan izango da. Hasiera batean, Kaioa tabernarekin batera egin zuten deialdia. Lapurretak eta mehatxuak pairatu dituen establezimenduetako bat da. Dena dela, azken unean elkarretaratzean ez parte hartzea erabaki dute irtenbide bat lortzeko beste ildo bat jorratzea erabaki dutelako.
Auzoan azkenaldian izan diren «lapurretak, mehatxuak eta bortizkeriak» salatu ditu gazte asanbladak. Horrekin batera, «hedabideek sortutako diskurtso erreakzionario eta arrazistak gogor» kritikatu dituzte. Gazte asanbladaren ustez, gertaturikoa «egun bizi dugun proletarizazio prozesuaren ondorio» da: «Pobretze eta bizitzaren garestitze orokor baten aurrean aurkitzen gara langileok: soldata jaitsiera, laguntza publiko eza, argindarraren prezioaren gorakada, alokairu neurrigabeak (Donostian bereziki) eta abar luze bat». Gaineratu dutenez, «kontrol sozialaren areagotzea eta polizialaren presentzia ez dira sekula arazo honen irtenbidea izango».