Eraldaketa pedagogikorako bultzada
Zurriola Ikastolak Ategorrietako eraikina berritu du, eta hilabete gutxi barru mugituko dira ikasleak Lehen Hezkuntzako ikasleen beharretara diseinatutako espazioetara. Eraikina sistema pedagogikoarekin batera garatu den proiektu integral baten emaitza da. Esther Amondarain ikastolako Zuzendariak eta Mikel Soroa Lehen Hezkuntzako arduradunak azaltzen duten moduan, irakasleak, gurasoak, ikasleak, bestelako langileek eta arkitektoak aritu dira proiektua osatzen.
Zertan dantza Ategorrieta Proiektua?
Esther Amondarain (E.A.): Proiektuak eraldaketa pedagogikoa garatzen du; pedagogia sistema osoa eta eraikuntza. Eraldaketa pedagogikoan murgilduta daramatzagu azken urteak ikastolako hainbat etapatan, marko pedagogiko berritzaileak garatzen eta hezkuntza-jardunarekin zerikusia duten alor ezberdinak aztertzen. Hala nola, curriculuma, irakaslearen eta ikaslearen rolak, metodologia, material didaktikoa, ebaluazioa, denboraren antolaketa eta, azkenik, espazioaren antolaketa. Zorionez, LH-ko etapan aldez aurretik genituen espazioak moldatu ordez, aukera izan dugu eraikin osoa diseinatu eta eraikitzeko.
Noiz abiatu zen proiektua? Zer fasetan dago?
E.A.: Hezkuntzan ari garenok, etengabe ari gara berrikuntza eta hobekuntza prozesuetan. Baina proiektu hau 2016an abiatu zen. Alde batetik LH jasoko zuen eraikinaren eraberritzea eta, bestetik, eguneroko metodologian ematen ari ginen aldaketak elkartzean. Bi arloen bateratzea ezinbestekoa zen.
Mikel Soroa (M.S.): Ordutik, erabili izan ditugun espaziotan ere aldaketa metodologiak gauzatu ditugu, baina, ezin ukatu, eraikina amaituta egotea mugarri garrantzitsua izango dela guztiontzat. Eraikinaren obra bukatzear dago, eta hilabete gutxi barru bertara mugitzea aurreikusten dugu.
Zein izan da prozesua?
M.S: Prozesuak adar asko izan ditu. Irakasle taldeak lan handia egin du, lehen aipatutako hezkuntza arlo guztiak aztertzen eta marko pedagogiko berrian horietako bakoitzak izango duen garapena diseinatzen. Elkarlana eta ilusioa izugarria izan dira. Ikasleak ere inplikatu ditugu, nolako ikastola nahi duten irudikatu dezaten eskatuz. Espazioaren erabilerari dagokionez, oso ekarpen interesgarriak egin zituzten, diseinuan integratuta daudenak.
E.A.: Prozesu integrala izan da. Gurasoen parte-hartzea ere bultzatu da, aldaketa pedagogiko zein metodologikoetan edo jangela eredu berria diseinatzerakoan, adibidez. Eraikinaren arkitektoak ere ikastolako gurasoak dira, eta beraiekin batera egindako lanean azaldutako inplikazioa azpimarratzekoa izan da. LH-ko ikaslearen ezaugarriei eta beharrei erantzuteko egin dugu guztiok elkarrekin lan.
Zer ekarpen egingo dio eraikinak eraldaketa pedagogikoari?
E.A.: Hezkuntza jardunarekin zerikusia duten alor ezberdinetan txertatu ditugun berrikuntzei erantzuten die eraikinak. Zurriolako ikasleak autonomoak, kooperatiboak, kritikoak, euskaldun eleaniztunak, komunikatzaile onak, aktiboak, sortzaileak… izatea nahi dugu. Hala, eraikinak nola lagunduko du honetan? Ikasleek beraien ikas prozesuaren arduradun bilakatuz, eta ezaugarri horiek garatzeko aukera ematen duten espazioak emanez. Malgutasuna ardatz duen eraikina da Ategorrieta.
M.S.: Espazio bakoitza helburu zehatz bati lotuta dago. Ikasgeletan modu ezberdinetan lan egiteko aukera izango dugu, bakarka zein taldeka, ikasgelaka, mailaka zein zikloka. Altzariak ere mugikorrak dira, di-da batean espazioen erabilera aldatu ahal izateko. Horrez gain, antzerki aretoa, komunikazio txokoa, arte gela, musika eremua, liburutegia, kirol aretoa, baratza eta atari ezberdinak ere baliatuko ditugu ikaslearen adimen aniztasunari erantzuteko.
Zer berezitasun izango ditu atariak?
M.S.: Urte luzez eskoletan egon den atari ereduarekin hautsi nahi izan dugu. Hezkidetza eta aniztasunaren ikuspuntutik, ikasle guztiek jolaserako eremu bat aurkitu dezaten egin dugu lan. Mugimenduak eta kirolak bere espazioa izango dute, baina ez protagonismo osoa. Margoketarako, mahai jolasetarako, dantzarako, inprobisaziorako edo, besterik gabe, lasai egoteko eremuak diseinatu ditugu, orubeak baimendu digun berdegune gehienarekin uztartuz. Profil ezberdinei erantzungo dien ataria izango da.
Eraikinak baratze-proiektu bat gauzatzeko espazioa izango du. Zertarako?
M.S.: Manipulazio eta esperimentazioari garrantzia handia ematen diogu, ikasketa esanguratsuagoa bilakatzen baita. Naturarekin harremana sustatzea ere helburuetako bat da. Hortaz, gertuko naturguneak baliatzeaz gain, ikastolan bertan eremu bat izango dugu, non ikasleek aukera izango duten barazkiak, loreak, haziak eta bestelakoak landatu eta hauen garapena modu enpirikoan ezagutzeko.
Nolakoa izango da jangela eredua?
E.A.: Jangela ere eremu hezigarri bat da guretzat. Ikastolan bertan sukaldatzen ditugun jakiekin elikatzeaz gain, jatorduetako ohitura egokiak bereganatuko dituzte ikasleek. Helburu horrekin, adinaren araberako ardurak izango dituzte, hala nola, mahaia jarri eta jaso edo erratza pasa. Bestalde, errespetuzko jarrerak, jateko denbora nahikoa hartzea eta mahaikideen arteko solasaldia sustatuko ditugu etengabe. Jangelako arduradunekin batera egin dugu lanketa hau.
Zer gertatuko da ikasleak Ategorrieta eraikinera lekualdatzean?
M.S.: Eraikin berrira sartzean ez da ezer hasiko eta ez da ezer bukatuko. Mugarri garrantzitsu bat da, espazioak ematen dizkigun aukera guztiei zuku aterako diegulako. Hartutako erabakiak martxan jarri, ebaluatu eta hobetu beharko ditugu.
E.A.: Zurriola Ikastolarentzat data garrantzitsua izango da, behin lekualdatzea gauzatuta, etapa bakoitzak bere egoitza izango duelako. Haur Hezkuntza Villa Soroan, Lehen Hezkuntza Ategorrietan eta Bigarren Hezkuntzatik aurrera, Hurran. LHko proiektuaren gauzatzea gertatuko da, baina ziur hurrengo etapakoarekin berehala hasiko garela.