'Hirian': Donostia hutsik zegoeneko irudiak biltzen dituen erakusketa
2020ko apirilean, biztanleak etxean konfinaturik eta kaleak hutsik zeuden bitartean, Idoia Unzurrunzaga bi astez aritu zen Parte Zaharreko eta Cortazar Zabaldurako inguruei argazkiak ateratzen.
Idoia Unzurrunzagaren (Donostia, 1968) argazki bildumaren erakusketa dago ikusgai Ekain Arte Lanak galerian, Hirian du izenburutzat. Proiektuak MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienaleko programazioan parte hartzen du eta abenduaren 12ra arte izango da ikusgai.
Unzurrunzagak, 2020ko apirilean Donostiako Udalari baimena eskatu zion hiriari argazkiak ateratzeko. Berrogeialdiaren garaian, biztanleak etxean konfinaturik eta kaleak hutsik zueden bitartean, artista bi astez aritu zen Parte Zaharreko eta Cortazar Zabaldurako inguruei argazkiak ateratzen. Guztira, 200 argazkiko artxiboa sortu zuen eta erakusketan 19 daude ikusgai.
Argazkiek, ordea, berezitasun ugari dituzte. Batetik, zuri beltzean daude eta bestetik, software anitz erabilita fikziozko hiri bat sortu du artistak. Hiriko elementu ugari ezabatu ditu irudietatik. Esaterako, kartelak, trafikoaren seinaleak, barandak, publizitatea… Horrez gain, argazkilariak tripode bidez atera zituen argazkiak eta 360 graduko 180 graduko irudiak osatu ditu. Hala, begi bistaz ikusi ezin diren irudiak dira, bisitariek hiria beste modu batera begiratzeko aukera izango dute.
Erakusketaren hasieran, argazkilariak ondorengo testua jarri du, bisitaria testuinguruan jartzeko: “HIRI batera iritsi da. Kalerik kale dabil, baina inor ez aldi berean ezagun eta zeharo arrotz zaion hiri horretan. Zer dela eta?”.
Unzurrunzaga Arte Ederretan lizentziatua da eta arkitekturarekin loturiko lan ugari egin ditu, eraikinen lan askoren jarraipen fotografikoak egin baititu. Esaterako, Artzain Onaren zaharberritze lanaren jarraipena egin zuen.
Erakusketa asteartetik ostiralera 11:00etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara bisitatu daiteke, eta larunbatetan 11:0etik 13:30era. Sarrera dohainik da.