316 lan kontratu sortuko dituzte Donostian
Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak eta Donostiako Udalak Enpleguaren Tokiko Plana abiatu dute, 2.688.408 euro inbertituta, eta 316 lan kontratu sortzeko helburuarekin. Lanbidek eta Donostia Sustapenak kudeatuko dute plana, eta arreta berezia eskainiko die emakumeei eta 45 urtetik gorako pertsonei. Aipatu inbertsioaren zati gehiena Jaurlaritzak jarriko du, 2.393.285 euro. Beste 355.418 euroak, aldiz, udalak jarriko ditu. Planaren xehetasunak udalaren webgunean kontsultatu daitezke.
“Enplegu berri hauek aukera, etorkizun eta harreman berriak sortuko ditu haiek garatzen dituztenentzat. Horrez gain, DSBE (RGI gaztelaniaz) jasotzen duten pertsonei, emakumeei, 45 urtetik gorakoei, langabezian denbora luzea daramatzatenei eta baztertze arriskuan daudenentzat dira. Emakumeak kontratatuz gero, planak kontratu berrien %40 aurreikusten du, nahiz eta plan hauetako totalaren %55 lortzea den gure helburua. Plan horiekin, lankidetza publiko-pribatutik, enplegua berreskuratzeko urrats bat gehiago eman dugu”, azaldu du Marisol Garmendia Sustapen Ekonomiko eta Enpleguko zinegotziak.
Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburua ere planaren inguruan mintzatu da: “Plana zifren proposamena baino gehiago da. Administrazioen arteko lankidetza proposamen irmoa eskaintzen dugu. Eusko Jaurlaritza Donostiako Udalarekin batera, baina baita Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Espainiako Gobernuarekin eta Europar Batzordearekin ere, erakunde guztiak lerrokatuta gaude langabezia murrizteko helburu argiekin. Inoiz izan ez dugun desafioari erantzun sendoa eskaintzen diogu: azken krisialdi orokor horren desafioa, baina baita trantsizio energetikoek, digitalek eta demografikoek eragindako bizi dugun iraultza biziarena ere. Are zehatzago, bidezko irteera batentzat elkarrekin lan eginez irtenbideak eskaintzen ditugu, inor atzean ez uzteko”.