Lehen postuak ihes egin dio Realari
Mikel Oiartzabal itzuli zen Valentziaren aurkako partidan, baina ezin izan zuen itzulera garaipen batekin ospatu. (Argazkia: Reala) Realak ligako lehenengo postua mantentzea bere eskuan zuen igandean, baina ezin izan zuen, 0-0 berdindu baitzuen Valentziarekin Anoetan. Valentziak, bere entrenatzaile Jose Bordalasen estiloari jarraituz, Imanol Alguacilen mutilen jokoa trabatzea izan zuen helburu lehenengo minututik, une oro faltak eginez eta denbora galduz. Gainera, Mario Melero Lopez epaileak ez zuen hori gelditzen jakin, eta, pixkanaka, partida gelditzen joan zen; oso gol aukera gutxi izan ziren eta denbora ugari galdu zen. Era berean, Realeko jokalariak Valentziaren jokoan erori ziren, eta Aritz Elustondo kaleratuta joan zen, inpotentziak eragindako gertakari baten ostean: baloirik gabeko ostiko bat jo zion Valentziako jokalari bati. Azkenean, 0-0, eta Reala ligako bigarren postura. Albiste onena Mikel Oiartzabal kapitainaren itzulera izan zen.
Nesken taldeak, aldiz, albiste on bat eman zien realzaleei, 3-0 irabazi baitzuen Tenerifeko Granadillaren aurka. Partida erraza izan zen Natalia Arroyoren neskentzat, eta ligako bigarren postuan jarraitzen dute. Emma Ramirez Gorgosok egin zituen lehenengo bi golak, eta Nerea Eizagirrek hirugarrena.
Eskubaloian, Bera Berak Europa ligako sailkapen faseko azken kanporaketako bigarren partida, itzulerakoa, jokatu zuen larunbatean, Ramnicu Valcea talde errumaniarraren kontra. Taldekako fasera pasatzeko aukera zuten donostiarrek, baina, gutxigatik izan bazen ere, neurketa 27-29 galdu zuten, eta Europako ligatik kanpo gelditu ziren. Izan ere, joaneko partidan 34-28 irabazi zuten errumaniarrek.
Saskibaloian, porrot batekin itzuli da Ibaeta Basket Donostiara, Uni Gironaren aurka 80-70 galdu baitzuen. Partida zaila zen, katalanak ligako hirugarren sailkatuak baitira. Horrela, donostiarrak ligako hamaikagarrenak dira orain.
Azkenik, izotz hockeyan albiste on bat eta txar bat iritsi dira Donostiara. Albiste ona, Txuri Urdineko nesken garaipena: 2-4 irabazi zioten Kosner Huarteri, denborak 0-2, 0-1 eta 2-1 irabazita. Horrela, donostiarrek ligako lehenengoak izaten jarraitzen dute. Albiste txarra, aldiz, mutilen porrota izan zen: 1-4 galdu zuten Jakaren aurka (0-1, 0-2 eta 1-1), eta ligako laugarrenak dira orain.
PARTIDAK
Eskubaloia
Europa liga
- Bera Bera 27 – Ramnicu Valcea 29
Futbola
Gizonezkoen lehenengo maila, 14. jardunaldia
- Reala 0 – Valentzia 0
Emakumezkoen lehenengo maila, 6. jardunaldia
- Reala 3 – Granadilla 0
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehenengo maila, 10. jardunaldia
- Txuri Urdin 1 – Jaka 4
Emakumezkoen lehenengo maila, 8. jardunaldia
- Kosner Huarte 2 – Txuri Urdin 4
Saskibaloia
Emakumezkoen lehenengo maila, 9. jardunaldia
- Uni Girona 80 – Ibaeta Basket 70

