Mugarik Gabeko Musikariek kontzertu solidarioa eskainiko dute ostegunean

Azken urteotan egin duten moduan, Mugarik Gabeko Musikariek kontzertu solidarioa eskainiko dute aurten ere Donostian. Ostegunean, hilaren 25ean, izango da, eta Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, “musikak gizartea integratzen eta garapen bidean dauden herrialdeetan emakumeak ahalduntzen laguntzeko duen garrantzia” nabarmenduko dute. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak eta Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak antolatu dute emanaldia, eta 19:00etan izango da; udalaren Musika eta Dantza Eskolaren Youtubeko kanaletik ikusi ahal izango da, zuzenean.
Tokiko zein nazioarteko hamaika talde eta eskola arituko dira kontzertuan, besteak beste, Guatemalako El Recuerdo kooperatiba, Paco Perez eta Marinba orkestra, Cabo Verdeko Escola Municipal de Artes eta Kurdistango Mirzo Music Centerreko eskola.
Instrumentu bilketa
Urteroko legez, kontzertu solidarioaren bueltan instrumentu bilketa egingo dute aurten ere. Oraingoan, Cabo Verdera bidaliko dituzte, Mugarik Gabeko Musikariak Afrikari Entzunez proiektua garatzen ari baitira han. Proiektu horren lehenengo emaitzak disko batean aurkeztu dituzte dagoeneko, eta, abenduan, Askatasunaren Orkestra topaleku bihurtuko da Afrikako haurrentzat. Izan ere, euren musika gaitasunak garatzeko aukera izango dute bertan, eta beharrezko hezkuntza eta laguntza jasoko dute, emandako instrumentuei esker.
Herritar orok egin ditzakete instrumentuen dohaintzak, ostegunetik, hilaren 25etik, 2022ko urtarrilaren 29ra arte, 14:00etan. “Herritarrek, orkestra sinfoniko baten parte diren instrumentu zaharrak edo horien zatiak (arkuak, bizarrak, sokak…) eman ahal izango dituzte, baita teklatuak, pianoak, gitarrak eta akordeoiak ere”, azaldu du udalak, eta gogoratu du instrumentuaren inguruko ahalik eta informazio gehien biltzea komeni dela: datu teknikoak, datu historikoak, konponketak, eta abar. Izan ere, dohaintza inprimaki bat bete beharko da. Instrumentuak udalaren Musika eta Dantza Eskolaren egoitzan entregatu behar dira, Atotxako Zelaia plazan.