Iggy Pop gehitu da 57. Jazzaldiaren programaziora
Donostiako Jazzaldiak salgai jarri ditu Trinitate Plazarako eta Kursaalerako sarrerak, eta bi gune horietarako egitarau osoa aurkeztu berri du. Aurretik iragarritako artistei gehitu zaie Iggy Pop abeslari mitikoa. Gainerako agertokietako programazioa aurrerago iragarriko dute.
Hauek izango dira beraz, Trinitate Plazan eta Kursaalean arituko diren artistak: Herbie Hancock, Iggy Pop, Diana Krall, Gregory Porter, Amina Claudine Myers, Hiromi, Yann Tiersen, Kurt Elling, Calexico, Steve Coleman, Louis Cole, Lakecia Benjamin eta Miho Hazama.
Hamahiru kartel buruetatik bost emakumezkoak direla azpimarratu dute Jazzaldiko antolatzaileek, eta bostak Trinitatean arituko dira: Diana Krall, Hiromi, Amina Claudine Myers, Lakecia Benjamin, Miho Hazama.
Kursaal auditorioa
Kursaal Auditorioan bost emanaldi iragarri dira, guztiak 18:30ean, uztailaren 21etik 25era. 21ean Calexico, AEBetako hegoaldeko musika tradizioaren eta Mexikoko musikaren fusioa egiten duena; uztailaren 22an, Gregory Porter arituko da, berriz ere, jazzaren gizon ahots ezagunenetakoa. Uztailaren 23an Iggy Pop “Punkaren Godfather mitikoa” arituko da, Europako hainbat hiritatik esparru itxietan egingo duen biraren barruan; uztailaren 24an Yann Tiersenen txanda izango da, Amelie pelikularen soinu banda egiteagatik ezagutzen duen arren publikoak, sustrai bretoietara hurbiltzen ari da azken lanetan.
Azkenik, uztailaren 25ean izango da Herbie Hancock “musikari legendarioa”. Miles Davisen “bigarren talde handiaren” garaikoa, 50 urte baino gehiago darama jazzaren ikur izaten, beti ere fusioa eta berrikuntzaren ildoetatik.
Trinitate Plaza
Trinitate plazan, lau emanaldi bikoitz antolatu ditu Jazzaldiak, uztailaren 22tik 25era; guztiak 21:00etan izango dira.
Bi emakume japoniar, Miho Hazama eta Hiromi protagonista dituen emanaldi batekin hasiko da. Hazamak bere lan berrienak aurkeztuko ditu Musikene Summer Big Band taldea zuzenduz, Goi-mailako Kontserbatorioko ikasle eta ikasle ohiez osatutako banda. Hiromi pianista izango da jardunaldiaren izarra, bere oraingo boskotearekin; haiekin interpretatuko ditu bere konposizioak, lau hari instrumentuk lagunduta.
Trinitate plazako bigarren jardunaldia, uztailaren 23koa, Steve Coleman saxofonista eta Louis Cole multinstrumentista.
Uztailaren 24ean Amina Claudineren blues afrikarra, abangoardista izango da, 1950eko hamarkadako gospel beltzari egindako omenaldi bat aurkezten. Ondoren, Kurt Elling, bere SuperBlue proiektuarekin, Charlie Hunter gitarrista laguntzaile duela, funkera ahal duten gehien hurbiltzen.
Azkeneko egunean, uztailaren 25ean, Trinitate plazan, “emakumezko jazzaren beste bi ordezkari handi” izango dira. Lakecia Benjamin saxofoi joleak omenaldia egingo die Coltrane senar emazteak konposatutako musikari. Eta 57 Jazzaldia ixteko, “jazz bokalaren dama handia”, Diana Krall, Jazzaldian, 1997an lehen aldiz etorri zenetik, “hain kontzertu harrigarriak eta ahaztezinak eskaini izan dizkiguna”.
Sarrerak salgai dagoeneko
Bi agertoki horietan izango diren kontzertuetarako sarrerak eta abonuak salgai jarri dira jada Jazzaldiaren webgunean www.jazzaldia.eus eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan.
Datozen hilabeteetan jarriko dira salgai Victoria Eugenia Antzokirako sarrerak ere. Osasun egoerak Jazzaldiaren bideragarritasuna “bermatu bezain laster”, dohainik diren agertokietako programazioak iragarriko dira, horien artean, Keler agertokikoa, Zurriola hondartzan.