Errekalde hiribidean Lurraldebusen geltoki bat jartzeko eskaera egingo du udalak
Donostiako Udalbatzak aho batez onartu du Errekalde hiribidean autobus geltoki bat jartzeko EH Bilduk egindako proposamena. Euskotrenen geltokiaren eta Lurraldebuseko Buruntzaldeko BU05 autobus linearen arteko intermodalitatea bermatzea du helburu. Horrela, udalak Gipuzkoako Aldundiari eskatuko dio geltoki “seguru” eta “apropos” bat jartzeko aipaturiko eremuan.
Buruntzaldeko BU05 linearen ibilbidea Errekalde hiribideko Euskotrenen geltokitik oso gertu pasatzen da. Horrela ere, linea horrek ez du geralekurik toki horretan. “Uztailaren 1etik aurrera, emakida berria indarrean sartzearekin batera, Errekalde hiribideko 21. zenbakiko geltokia kendu eta urrundu egin dituzte Lurraldebuseko Buruntzaldeko BU05 (aurreko G2 linea) eta Euskotrenen geltokitik gertuen dauden autobus geltokiak, intermodalitatea sustatzeko aukerak baztertuz. Badirudi aukera hobea izan dela aipatutako geltokia kentzea, egokitzea eta txukuntzea baino”, azaldu du Garbiñe Alkizak, EH Bilduko zinegotziak.
Esan bezala, udal talde guztiak ontzat jo dute proposamena eta aldundiari geltoki bat jartzeko eskaera egingo diote.