Txara I zahar etxeak arau hausterik egin ez duela adierazi du Foru Aldundiak
Irailaren 17an argitaratutako ikuskapen txosten batean, Donostiako Txara I zahar etxeak mediku, erizain, monitore, fisioterapeuta eta psikologoen gutxieneko kopuruak betetzen ez zituela adierazi zen. Horrez gain, eskaintzen dituzten afarien eta gosarien artean 14 ordu igaro zitezkeela ere jakinarazi zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiko ikuskatzaileek enpresari hartutako erabakiak justifikatzeko eskatu zion.
Orain, Gipuzkoako Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez, ikuskapen txostena itxi egin du Ikuskaritza Atalak. Bertan 2021eko irailaren 1eko Txara I zahar etxeko jarduera eta neurrien jarraipena jasotzen zen, eta “araubidearen urraketarik egon ez dela” azaldu du.
Irailaren 30ean, Gipuzkoa osoko eta Donostiako zahar etxe batzuetako hainbat langilek Txara I-eko egoera berdinak egunero jasaten dituztela salatu zuten. ELAk “egiturazko arazoa” dela adierazi zuen. Aldundiak argitaratutako txostenaren arabera, ordea, ez da araubidean urratzerik egon, eta bigarren txosten honetan, hobekuntza arloak eta gomendioak jaso dituzte.
Zaintzaile, mediku, erizain, monitore, fisioterapeuta eta psikologoen ratioak bete egin direla eta “eskatzen denaren gainetik” daudela nabarmentzen du txostenak. Monitore eta psikologo zerbitzuetan pixkanaka ohiko eginkizun eta harrerei ekitearen gomendioa jasotzen du, eta materialei eta elikadurari dagokionez, Ikuskaritzak ez du egiaztatu araudia betetzen ez denik. Hala ere, ordutegia moldatzea beharrezkotzat jo du.