'Betikoa eskatzen dugunean, gertukoa aukeratzen dugu'
Komertzio batean, konfiantzaren seinale handiena da “betikoa” eskatzea. Bezeroa ezaguna den seinale; egunero doa bertara, eta dendari edo tabernariak badaki zer behar duen. Nor bere hizkuntzan artatua izateak konfiantza harremana sortzen du ere. Horregatik abiatu dute kanpaina Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak: ‘Betikoa, gertukoa. Eskatu euskaraz eskaini euskaraz’.
Eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko planaren helburuei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Donostiako Udalak merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina abiatu dute.
Iaz egin zen kanpainak irekitako bidetik jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztietara ireki da kanpaina, eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak adierazi duenez “elkarlanean oinarritu den kanpaina bat eraiki da, guztira, 60 udalen parte hartzearekin”.
Erdialdean, Loiola kalean izkina egiten duen Elena Navarro Loidi farmaziak, kanpainan parte hartzen du. Bertan izan gara Marta Pastor Navarro farmazilariarekin: “Beti saiatzen gara udalaren kanpaina hauetan parte hartzen”. Iazko kanpaina berean parte hartu zuten, baita Euskaraldian ere.
Elkano kalean dagoen Gazta is Cheese saltokiko dendaria da Iker Izeta Alberdi. Berak ere euskararen aldeko kanpainetan parte hartzeari garrantzia ematen dio: “Gure dendan, denak gara euskaldunak, eta hona datorrenak jakitea nahi dugu”.
Azaldu duenez, “Gipuzkoako herrietatik jende asko etortzen da. Baina pentsatzen dutenez hau kanpotarrei zuzenduta dagoela Erdialdean batzuetan gertatu ohi den bezala, erdaraz eskatzen dute. Erdara nahiko traketsean batzuetan ere! [barrez]”.
Lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia
Bat datoz Navarro eta Izeta: lehen hitza euskaraz egitea gakoa da. “Batzuetan ez da errazena, bezeroak gaztelaniaz lehen hitza egiten badu, batez ere”, baina horregatik “euskaraz agurtzea oso garrantzitsua da”.
Navarrok dioenez, “euskara dezente” entzuten dute hemen, “kontuan izanda erdigunean gaudela, eta turista asko dabilela. Guk ‘kaixo, egun on’ esaten diegu, eta horren arabera. Batzuetan, Teleberri-an bezala, ‘egun on, buenos días‘ eta beraiek aukeratu dezatela! [barrez]”.
Donostiako merkataritzan euskara sustatuz
Udaleko Euskara Zerbitzuak azaldu du zerbitzua euskaraz ematen duten establezimenduak identifikatzen ari direla azken urteotan, ‘hemen ere euskaraz’ eranskailuak jarrita. Adierazi dutenez, “eranskailu hori duten establezimenduetan jendaurrean lanean ari diren langileen %50 euskaraz artatzeko gai da, eta, beraz, bertako bezeroak euskaraz aritzeko aukera duela badaki”.
2021eko urrian eta azaroan, Erdialdeko 600 establezimendu bisitatzen ari da udaleko Euskara Zerbitzua. Bisita horietan establezimendu berriak identifikatzen ari da udala.
Datorren urtean bisita horiekin jarraitzeko asmoa du Euskara Zerbitzuak: “2.500 bat establezimendu bisitatzea da asmoa. Bisita horietan establezimendu bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta, euskararen erabilera areagotzeko dituen aukerak aztertu eta udalak eskaintzen dituen baliabide eta egitasmoen berri emango zaie: euskara ikasteko diru laguntzak, errotuluak euskaratzeko laguntzak, itzulpen eta zuzenketa zerbitzua, eta abar”.
Merkataritzan egin daitezkeen euskararen aldeko egitasmoei buruz galdetuta, Navarrok zera adierazi du: “Ez dira gauza handiak, baina pixkanakako keinu txiki horiek garrantzitsuak dira. Kartelak bi hizkuntzetan ditugu eta toldoak bi hizkuntzetan jarriko ditugu laster, baita Farmaziako gurutzea ere”. Bere ustez, garrantzitsua da, “hizkuntzaren normaltasunean laguntzen duelako”.
Bezeroaren garrantzia
Bezeroen arabera ere, ezberdina da tratua. Gazta is Cheese dendako “bezero gehienak euskaldunak dira. Eta euskaraz artatuak badira, erosoago sentitzen dira. Euskaldunak garela dakitenez, gehiago etortzen direla esango nuke nik”, dio Izetak.
Navarrok ere ez du zalantzarik hemen: “Euskaldunak diren bezeroek estimatzen dute. Gai batzuez hitz egin behar badugu, erosoena zaigun hizkuntzan egitea da hoberena. Eta farmaziaren kasuan oso garrantzitsua da hau”.
‘Betikoa, gertukoa’
Kanpainaren lelo orokorra salerosketan ematen den harremanarekin lotu dute. Kanpainaren sustatzaileen arabera, “jarri betikoa” da denda edo taberna batean “konfiantza handiena ematen duen esaldia”. Honela, “euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak, eta euskararen erabileraren inguruan hausnartzea eta sentsibilizatzea du helburu”.
Gazta is Cheese eta Elena Navarro Loidi farmaziaren moduan, euskaraz artatuak izateko komertzio ugari ditugu hirian. Lehen hitza euskaraz egiteko prest.