DK Poesia Lehiaketan parte hartzeko epea abenduan itxiko da
Maialen Berasategi, 2020ko DK poesia lehiaketaren irabazlea, San Jeronimo aretoan. (Argazkia: Balea Zuria) Donostia Kultura poesia lehiaketa abian jarri dute bosgarren urtez. Balea Zuria argitaletxeak bultzatu du lehiaketa, Donostia Kulturaren laguntzarekin. Lehiaketaren asmoa euskarazko poesia zabaltzea eta idazle gazteen lanari bultzada ematea da. Lana entregatzean 35 urte bete gabe izan beharko dituzte partaideek, eta lanak aurkezteko epea abenduaren 31n bukatuko da.
Luzera, gutxienez, 600 bertso-lerrokoa izan beharko da, eta gehienez, 1.000 lerrokoa. Gaia, errima eta neurria libreak dira. Deialdi honetara aurkez daitezke poesia bildumak, euskaraz eta bakarka idatziak, originalak, inon argitaratu gabeak eta aurretik inongo literatura lehiaketatan saririk eskuratu gabeak.
Eli Tolaretxipi, Aritz Gorrotxategi eta Itxaro Borda idazleek osatuko dute epaimahaia, eta irabazlea 2022ko martxoaren 21a baino lehen emango da ezagutzera. Irabazleak 1.000 euroko saria eta Imanol Larrinagaren margolan bat jasoko ditu. Horrez gain, Balea Zuria argitaletxeak irabazlearen lana argitaratuko du eta Poesia eta Pentsamendua errezitaldian parte
hartzera gonbidatua izango da.
Lehiaketan parte hartzeko betebeharrak hemen kontsultatu daitezke.

