Udalak Digital Dend@k programa abian jarri du
Donostiako Udalak Digital Dend@k programa abiatu du tokiko merkataritza digitalizatzeko diru laguntzak eta prestakuntza emateko. Programak bi ildo nagusi ditu. Batetik, laguntzak ekonomikoak eskainiko dira, 2.000 euro artekoak, Donostiako merkataritzaren eraldaketa digitaleko prozesuak bultzatzeko. Bestetik, prestakuntza eta aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzua eskainiko da, saltoki bakoitzaren ibilbide digitalean aurrera egiteko funtsezkoak diren hiru gai digital-teknologiko jorratzen dituen programa baten bidez.
Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak hau adierazi zuen: “gure merkataritza digitalizatzea lehentasunezko gaia da. Gure merkataritza ehunak dezente egin du aurrera bide horretan, saltoki askok parte hartu baitute DSS Market Plaza salmentako udal plataforman, baina oraindik ere asko dago egiteko. Programa honek zuzeneko laguntza ekonomikoak eta prestakuntza eskaintzen dizkie, laguntza eta aholkularitza teknikoa izan dezaten tresna digitalak ezartzeko eta modu horretan beren lehiakortasuna hobetzeko”.
Saltoki bakoitzari 2.000 euroko dirulaguntza emango zaio gehienez. Saltokia DSS Market Plaza plataforman izena emanda badago, % 30ko igoera izango du; % 10ekoa, berriz, ekialdeko zonako auzoren batean kokatuta badago; eta beste % 10ekoa, onuraduna hiriko zona horretan kokatuta badago.
Zehazki, 2021eko ekainaren 1a eta 2022ko urtarrilaren 31 bitartean eginiko inbertsioak eta gastuak lagunduko dira diruz. Eskaera aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 31a artekoa izango da, edo baliabide ekonomikoak amaitu arte. Eskaerak Donostia Sustapenaren webgunean egin behar dira.
Arlo digitaleko prestakuntza eta aholkularitza pertsonalizatua hiru esparrutan egituratua dago: marketin digitala, salmenta Interneten eta datuen analisia. Izen ematea Donostia Sustapenaren webgunean egin behar dira.