Udalak Egiako tren geltokiko pasabidea estaltzeko eskatu dio ETSri
Urriaren 13an ireki zuten Egiako tren geltokiko oinezkoentzako behin-behineko pasabidea. Ordutik, hainbat erabiltzailek adierazi dute pasabideak estalkia behar duela eguraldi txarra egiten duen egunetarako. Izan ere, ez dauka inolako babesik. Hori dela eta, Donostiako Udalak ETSri eskatu dio behin-behineko pasabidea estaltzeko. Era berean, eskaileren mailak hobeto adierazteko seinaleak jartzeko eskaera egin du udalak.
Pasabidearen ezaugarriak
51,2 metroko luzera eta 3 metro zabalera du. Pasabidearen Egiako sarbidea Blas de Otero plazaren ondoan dagoen trenbide plataformaren ertzean dago. Aldiz, Erdialdeko sarbidea Frantzia pasealekuaren 21. zenbakian, Terminus hotelaren ondoan. Bi sarbideetan eskailerak eta igogailua daude –Egian 5,6 metroko desnibela gainditzen du eta Erdialdean 7,3 metrokoa–.