Elefanteak Kontxan busti zirenekoa
1928ko ekainean, nazioartean ezaguna zen Krone Zirkua Donostiara etorri zen. Hirian, lehen egunetik sortu zuen zirrara biztanleen artean. Ezohiko irudiak utzi zituen bisitak, esaterako, elefanteen bainuarena.
Krone Zirkuak Munichen (Alemania) zuen egoitza, eta Europako zirku handienetakoa izatera iritsi zen. Haren historia 1870. urtean hasten da, Questenbergen (Alemania) Karl Kronek animalia basatien zoologiko bat jarri zuenean. Haren ostean, semeak hartu zuen aitaren negozioa, eta Europatik bidaiatzen hasi zen animaliekin egindako ikuskizunekin.
Bereziki, animalia basatien otzantasunean oinarritutako ekitaldi ikusgarriak egiten zituzten. Horrez gain, pertsona exotikoak edo fisikoki ezinduak zirkuaren eskaintzaren parte ziren sarritan. Gaur egun, laugarren belaunaldiak zirkuan lanean dirau, baina egoitza Alemanian finkatu dute, eta ez dira atzerrira joaten.
Geldialdia Donostian
Urte luzez egindako ibilbidearen baitan, Donostian egin zuen geldialdia 1928ko udan. Hirian zirrara handia sortu zuen zirkuaren iritsierak. Esaterako, zirkua Amaran finkatu berri zenean, zaldi gaineko guardiak jarri behar izan zituzten inguruan, jendea animaliak ikustera hurbiltzen zelako, oraindik ikuskizunak hasi ez zirenean.
Donostiando blogean, zirkuaren iritsierako hainbat argazki jasotzen dira, baita garaiko El Pueblo Vasco hedabideak zirkuko gerentea zen Karl Kroneri egindako elkarrizketa ere. Bertan, zirkuaren historia kontatzen du. Bera lau urte zituenetik animalien zeldatan sartzen zela aipatzen du, baita bere anaia hartz batek eraso ondoren hil zela.
Azaldu zuenez, 1.000 langilek eta 600 animaliak osatzen zuten konpainia. Besteak beste, hirira ekarritako animalien artean, itsas elefanteak, lehoiak, otsoak, hartzak, tigreak, hartz inurrijaleak, hartz zuriak eta elefanteak zeuden. Azken hauek, irudietan ikus daiteken moduan, zeldetatik atera eta hirira eraman zituzten. Kontxara jaitsi, eta paseatzen aritu ziren itsasertzetik. Irudiek erakusten duten moduan, elefanteak itsasora sartu ziren, zeharo ezohikoa den irudi bitxia utziz.