Itsasontzi baten...
Pelikula: ‘Fantasia’
Zuzendaria: Aitor Merino
Urtea: 2021
Herrialdea: Euskal Herria
“Sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut” zioen Roy Batty replikanteak Blade Runner-eko azken bakarrizketa ospetsuan, “espaziontziak sutan Orion baino haratago, C izpiak Tannhausereko Atearen iluntasunean distiran”. Nork iragarri zezakeen ez zela izango beharrezkoa zientzia fikziozko kontakizunak irakurtzea fantasiazko ontzi horiek erretzen ikusteko? Roy Battyren moduan, Harper’s aldizkariak misio batean bidali zuen David Foster Wallace transatlantikoan, espaziontzien antzeko itsas ibilgailu handi horietako batean, giza espeziea hurbilagotik aztertzera. Han ikusi zuen idazle amerikarrak ontzi horiek ere maiz hartzen dutela su: “Hamar mila kilo haragiren eguzkitako krema errearen usaina nabaritu dut”, idatzi zuen bere memoir-ean. “Erre egin naiz eta bi aldiz aldatu dut azala”, estralurtar reptiliano batek egin lezakeen moduan.
Esan liteke Aitor Merinok ere bere azken filmean antzeko egunkari bat grabatu duela; gurutzaontzi batean abiatu da bere arreba Amaia eta bi gurasoekin, bideokamera eskuan duela, home movie-aren estiloan oporrak filmatzera. Fantasia deitu dio filmari, gurasoen etxeko eguneroko eszenekin partekatu baititu oporretako irudiak, kronologia lineala erabat nahastuz, eta bidaiari onirismo irreal puntua emanez. Gurasoak, delfinak, eta, batez ere, gaueko ilargiak filmatzean nabaritzen den bideokameraren gehiegizko saturazioarekin, Foster Wallacek Karibean aurkitu zuen faltsutasun hori berritzen du zinemagile nafarrak (“ordenagailuz manipulatuak ziruditen ilunabarrak ikusi ditut, baita limoi lizun antzeko ilargiak ere”). Izan ere, nahiz eta saltoki gune flotagarri horiek jauregi estetikarekin apaintzen saiatzen diren, Merino guztiz jakitun da industria turistikoaren itxurakeriaz, eta ironia puntu batekin hurbiltzen da bere familia fantasia horretara. Hala, eszena surrealistak lortzen ditu dokumentalean, “esmokinaren gainean salbamendu txalekoak jartzen” dituen jendea filmatuz Foster Wallacek hala idatzi zuen.
Hala eta guztiz ere, nahiz eta dokumentalaren alderdi interesgarriena fantasiaren eta faltsukeriaren inguruko hausnarketa izan, azaletik baino ez da lantzen, sakontzeko asmo handirik gabe. Badirudi Merinok nahiago duela ohiko familia erretratuaren formatura hurbildu, gurasoen zahartzaroaren inguruan dituen beldurrak miatuz. Tamalez, ez dio ezer berririk eskaintzen azken urteotan horrenbeste ustiatu den planteamendu horri (horra hor Dick Johnson is Dead, A Metamorfose dos Pássaros, edo, Euskal Herrian bertan, Ione Atenearen Enero). Itxurazko ironia puntua badu ere, Fantasia-ko gehiegizko eztitasunak zintzoa dirudi askotan (ni behintzat larritu egin nau behin baino gehiagotan); eta Asier ETA biok-en seriotasuna lasaitzeko hain ondo funtzionatzen zuen tonu komiko-teatrala ez da horren eraginkorra oraingo honetan. Horri, ildo narratibo finko gabeko collageak bi orduko iraupenari kostata eusten diola gehitu behar zaio. Beraz, nahiz eta abiapuntu interesgarritik ontziratu, non porturatu jakin gabe gelditzen da Merino, itsasoan galduta, “malkoak euritan bezala”.