Konstituzioaren Egunaren harira hitzaldi bat eta mahai inguru bat antolatu ditu Jarkik
Jarkik Bulebarrean egindako elkarretaratzea (Argazkia: Jardun koordinadora) Jarki antolakundeak Konstituzioaren Eguna dela eta, hainbat ekitaldi antolatu ditu astebururako Donostian. Abenduaren 6an, Konstituzioaren Egunean, mobilizazio nazionala egingo dute Durangon, eta horren harira, larunbatean mahai inguru bat eta hitzaldi bat egingo dituzte Trinitate plazan.
Antolakundeak ohar bidez adierazi duenez, “1978ko Espainiako konstituzioak, frankismoan oinarrituta egoteaz ez ezik, honen inpunitatea eta zilegitasuna bermatu zituen, frankismoaren proiektu politikoari jarraipena emanez”. “Hala ere, orain dela 43 urteko kontuei so egitetik haratago, konstituzioaren jatorriaz beharrean, egun Euskal Herri Langilearen errealitate eta bizi-baldintzei zelan erasaten dien kontziente izan behar gara. Azken finean, bai frantziar zein espainiar estatuetako konstituzioak bi estatu hauek langileriaren aurka darabilten beste tresna bat baino ez dira, euren erregimenari legezkotasunetik eratorritako zilegitasuna erraztu behar dien marko juridikoa, alegia”.
“Euskal Herri Langileak ezin ditu bai klase zein nazio parametroetan berau azpiratuta mantentzera zuzendutako konstituzio burgesik onartu, argi eduki behar baitugu hauen izaera dela eta, erreforma ezinezkoa dela, Euskal Herri Langileari apurketa zaiolarik aukera bakarra”. Hala, antolakundearentzat “otzan eta isilik” geratzea ez da aukera bat, eta Euskal Herri Langileak “espainiar konstituzioaren aurkako eta honen atzean dagoen sistema ekonomiko kapitalistaren aurreko errefusa agerian utzi eta bere proiektu politikoaren aldarrikapena Euskal Herriko plazetara atera beharra duela” uste du. Horregatik, abenduaren 6ko mobilizazioan eta gainerako ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu du.
Larunbat honetan, 16:30ean elkartuko dira Trinitate plazan. Lehenik, mahai ingurua egingo dute. Bertan, trantsizio garaia bizi zuten gonbidatuek garaiko egoeraz arituko dira. Hitzaldia, berriz, 18:00etan izango da, eta gaur egun Konstituzioak Euskal Herri Langilearentzako duen eragina aztertuko dute.


