Merezi ote zuten zauriek?
Bi Zaldi donostiarren disko berria kalean da. Urteetako ibilbidea duten kantek euren denbora behar izan dute gorpuzteko, eta beste forma batekin aurkezteko. Balio Dute zigiluarekin kaleratu dute ‘Lo Zena’, haustura eta zaurien minetatik ateratzen diren galdera eta erantzun sorta, dotore harmonizatuak.
Lo zen kontzientzia baten esnaera prozesua da Bi Zaldiren diskoaren ibilbidea. Latinoamerikara joandako bidaian idatzi zituen Gartxot Unsainek (Egia, 1987) letra guztiak: “Bizitzako momentu berezi bat zen. Kolpe gogor batetik nentorren, eta hori da giroa: oraindik zuloan, baina jada altxatzen”.
Honela sortu zen Bi Zaldi taldea, Zaldibiako Haizetxe baserrian. Haustura baten ostean, Let her go kantaren bertsioa egitea proposatu zion Unsainek Beñat Antxustegiri (Ulia, 1989). Emaitza gustatu, eta hor aritu ziren: arratsaldean elkartu, letrak josi, zerbait erre, eta gauez grabatu, auzokoen loaren kalterako.
Ordutik egindako bidea “oso naturala izan zen”, taldekideen esanetan, “lehenik kontzertu proposamen bat, gero beste bat… Azkenean, kanta berriak egin. Eta inongo presarik gabe gure kantak egin eta grabatu”.
Bi zaldi “eta astoa”
Bide horretan gehitu zen Eneko Sierra saxofoi jolea (Añorga, 1982). Berak zera gehitu du: “Inongo presarik gabe, literalki. Joan den otsailean disko aurkezpena egiteko hartu genuen Doka. Baina ez ginen iritsi, eta ekainerako prestatu genuen”. Azkenean, azaroan kaleratu dute.
“Hainbeste atzeratzearen errua Alberto Lizarralderena da, zalantzarik gabe” dio Antxustegik barrez. Lizarralde gitarra jolea eta ekoizlea da, eta bera arduratu da diskoari norabide berri bat emateaz. “Kantak aspaldi grabatu genituen, baina Albertok eraldaketa handi bat proposatu zuen, eta guk denbora eman nahi izan genion”.
Lizarraldek (Donostia, 1956), esperimentalismoan, jazzean eta inprobisazioan aritua, kanta soil eta sinpleei bestelako norabide bat eman die, reverb-a rekineta giroko musikarekin. Lizarraldek maite duen Teo Macero ekoizlearen gisara (AEB, 1925-2008), behin grabatu eta gero, nahieran nahastu ditu kanta batzuk, instrumentuak gehituz, kenduz, efektuekin jolastuz…
“Azkenean, erabaki genuen Beñatek eta Albertok egitea nahasketak”, dio Sierrak, “eta guk amaierako bertsioak ezagutu ditugu”. Sorpresak izan dituzte, beraz: “Itzalita egotea kantan, aldez aurretik grabatuak nituen lau edo bost saxo batera jarri zituen Albertok!”.
Unsain ere harritu zuten aldaketek: “Etorkizu-rekin flipatu nuen nik. Gitarra kendu, Angel Unzuren perkusioak sartu, nire ahotsa sampleatu… Kanta batzuetan kamiseta gehitzen dio, edo galtzerdi bat. Hemen jantzi osoa da berria”.
Laugarren taldekidea bihurtu da Lizarralde, eta Antxustegi aritu da berarekin eskuz esku lanean. “Esperientzia zoragarria” izan zela nabarmentzen du. Angel Unzu gitarra jole ezagunari munduko perkusioak grabatzeko eskatu zion Lizarraldek. Batak azalpen abstraktuak ematen zizkion bitartean, Antxustegi “ezin sinetsirik” zegoen, “bien erdian selfie-ak egiten”.
Taldekideen bereizgarria den gisara, oso korala da Lo zena. “Gure inguruko lagunez inguratzea gustatzen zaigu, eta lan honen muina hori da: Bi Zaldi + Alberto + lagunak.
Aipatutako Unzuz gain, ahotsetan Lide Hernando, Esti Beraza eta Maddi Gerriko daude. Txeloan Maite Arrotajauregi Mursego, Garazi Esnaola pianoan eta Joshka Natke baxuan. Sorkunde Idigoras piano jolearen ekarpena berezia da ere bai, Lo zena jaiki da gaur melodia lau piezatan zatitu zuen, disko osoan zehar istorio bat kontatuz, “amaiera aurreratuz”.
Bidaia kontatu eta geltokietara itzuli
Letrak eta kontatzen duten istorioa dira garrantzitsuenak Unsainentzat. “Bitxia da, duela kasik bost urte idatzi nituelako letrok, eta egoera emozional aski desberdin batean nago orain. Hala ere, erabat identifikatua sentitzen naiz oraindik”.
“Lo zena, azken finean, nire kontzientziak egindako bidea da”, dio Unsainek, “lehen ikusten ez nituen gauzak ikustekoa. Ni eta ingurukoak sufriarazten ninduten gauza horiek, hain zuzen”. Une zailenetan beti baitago galdera bera: “Merezi ote zuen zauriak?”.
Lo zena, beraz, sendatzeko bide bat da, bizitzaren uneak gozatzen jakitekoa, eta erabakiak hartzekoa: “Jakin efemerideen ura ez da agortzen”.
Anekdota polita dute grabatu zuten lehen kanta horrekin. “Gure kanta ezagunena bihurtu da, ereserki moduko bat. Azken finean, jendeak horko tristura horrekin konektatu duelako”. Unsaini zilegi iruditu zitzaion letra aldatzea, kanta horrekiko bizipenak aldatu zitzaizkiolako. Eta gainditze kanta bihurtu zuen.
“Zale askok esan ziguten ez aldatzeko. Kanta hori garrantzitsua zela beraientzat. Eta, tira, gure eta entzulearen artean dagoen zubi hori errespetatu behar da noizbehinka”. Tarte baten ostean, “tren baten bidaia baten moduan, geltoki zaharretan bisita egitea bezala”, gehitu du.
Baina bidea egina duzu, eta jada ez zara berdina. Zeren, orain: “Irri forma du bihotzeko zauriak”.