Onkologikoko langileek bizi duten ziurgabetasuna salatu dute
Donostiako Onkologikoko langileek denbora asko daramate ziurgabetasun egoeran, eta, hori salatzeko, ostegunean elkarretaratzea egin zuten Kutxaren Garibai kaleko egoitzaren aurrean. Izan ere, zentroko langile ugari Kutxa Fundazioaren langileak dira oraindik, nahiz eta Onkologikoak 2022ko urtarrilaren 1erako erabat integratuta egon beharko lukeen Osakidetzan. Hedabide honek Onkologikoko enpresa batzordeko lau kiderekin hitz egin zuen irailean, eta gaiaren inguruko erreportaje mamitsua argitaratu zuen.
“Onkologikoko Enpresa Batzordeak zentroarentzako asistentzia eredu integral bat eskatzen du, beti minbiziaren diagnostikorako eta tratamendurako zentro monografiko gisa bereizi izan dena errespetatuko duena, eta integrazio funtzionalera mugatzeaz gain, langileak Osakidetza erakunde xurgatzailean integratzea barne hartuko duena”, aldarrikatu zuten.