Iñigo Legorburuk irabazi du Amarako bertsopaper lehiaketa
Amarako Jai Batzordeak aurten ere, Amarako IV. Bertsopaper lehiaketa antolatu du. Pasa den larunbatean, Euskararen egunaren inguruan antolatu ziren ekitaldien barruan, lehiaketaren irabazlearen berri eman zuten. Iaz bezala, Iñigo Legorburu hernaniarrak irabazi du bertsopaper lehiaketa Sherpa bat naiz bertso sortarekin.
Orotara, 6 bertso dira eta Xabier Amuriza bizkaitarraren Itsaso hori dago zatarra (Naufragoarena) doinuan abestuak izateko prestatu dira. Bertso-sortan, Himalayako sherpa lanetan ibiltzen den gizonezko baten gorabeherak kontatzen dira, “hainbeste lan egin eta euren ikusezintasuna” salatzen duelarik protagonistak.
Egilea pozik azaldu da “beti delako pozgarria zure lana saritua ikustea eta gehiago Donostia bezalako hiri handi batean, non euskalgintzak eta bertsolaritzak bere bidea urratzen jarraitzen duten eskutik helduta”. Gaiari heltzeko orduan, Legorburuk aitortu du gogoa zuela “halako prekarietate, arrisku eta esker txarra jasotzen duen pertsonaia baten ahotsa” bertsotara ekartzeko.
Legorburuk aurten irabazten duen bigarren bertsopaper lehiaketa da. Izan ere, maiatzean Altzako bertsopaper lehiaketa irabazi zuen “Ni, gutar?” sortarekin, migrazioa hizpide hartuta.
Sari modura, irabazlearen txapela eta Kaxilda liburutegian xahutzeko 100 euroko bonua jaso ditu antolatzaileen eskuetatik. Bigarren saria berriz, hutsik geratu da. Bertso sorta garailea Amarako Jai Batzordearen webgunean dago irakurgai.

