Antzerkiaz gozatuz eta ikasiz
Emozioen kudeaketa, talde lana, ahoskera… Jakina da antzerkiak ikasgai eta bizipen andana eskaintzen dizkiela ikasleei. Ia 200 ikasle elkartu gara Aitor Ikastolaren Antzerki Astean. Egiako kultur etxean egin ditugu hamar emanaldi, senide, ikaskide eta beste ikastetxe batzuetatik etorritako lagunentzako. Guztiak bat gatoz esperientziaren balio onean.
Aurtengoa 27.edizioa izan da, eta Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 6. mailara arteko ikasleok parte hartu dugu. Egin dugun inkestaren arabera, ikasleen %100ak adierazi du “asko gustatu” zaiela. Gehienek adierazten dutenez, ezinegona eta plazera nahasten dira: “Urduri, sabelean korapilo bat sortzen zaigu, baina pozik eta konfiantzaz igo gara eszenatokira”.
Antzerki astean gozatzeaz gain, ikasten al duten galdetuta, argi dute ez dela soilik denbora pasa atsegina: “Eskaraz esamolde berriak ikasten ditugu, beste pertsona baten azalean jartzen, baita lotsa kentzen edo gainditzen ere”. Beste batzuek esan dutenez, “jendearen aurrean hitz egiteari beldurra galtzen diogu”.
Julen Etxeberria gure ikastolako zuzendariak adierazi digunez, 1996. urtean jarri zen martxan proiektua, eta ordutik, urtez urte antzerkiak taularatzen aritu gara, 2020. urtean izan ezik. Mundua hankaz gora jarri zen urtean, COVID-19a zela eta, ez zen Antzerki Asterik antolatu. Tamalez, aurten ere ikaskide batzuk etxean geratu behar izan dira, antzerkiaz gozatzeko aukerarik gabe.
Denboraren poderioz, proiektua aldatu egin dela komentatu digu Julenek: “Hasieran, hezkuntza sailak ematen duen laguntza jasotzeko asmoz, antzerkiak gure ikastolan egiteaz gain, beste bi ikastoletan ere antzezten zituen talde bakoitzak. Duela 27 urte, ordea, hara eta hona ibili gabe, talde bakoitzak edonoiz ematen zituen emanaldi horiek Egiako kultur etxean, eta aste batean batzea bururatu zitzaigun, gaur arte”.
Antzerki Asteak, Aitor Ikastolako Irrati proiektuarekin batera, garrantzia handia du ikastolan. Julenek dioenez, “baliabide ezin hobeak dira euskara erabiliz euskara ikasteko”. Hortaz gain, “ikasleek ikasten dute estres momentuak lasaiago eramaten, lotsa kudeatzen, publikoari aurre egiten, sentimenduak eta egoerak adierazten, eta abar”.
Honenbestez, ikastolako zuzendariak egiten duen balorazioa oso ona da: “Antzerkiaren egunean, irakasle eta ikasleen artean urduritasuna eta estresa nagusitzen diren arren, egindako esfortzu guztiak merezi izaten duen sentsazioa izaten dute denek”.
Egiako kultur etxera egindako jauzia garrantzitsua izan zen; oholtzan eta foku artean, benetako antzokiaren xarma sentitzen baitute gaztetxoek. Bertako langilea da Jokin Agirrezabalaga, eta esan digunez, “nahiz eta parte hartzaile guztiak oso urduri egon, aste berezia da, polita”. 17 urte daramatza bertan lanean, eta xelebrekeri asko jazo direla esan digu. Hala ere, aurten izan omen du ahaztu ezineko gertakizuna. Lehen saioetako bideo, abesti eta argazkiekin nahasteak izan ziren, eta, dioenez, “aurtengo hondamendia ezingo dut inoiz ahaztu… Sentitzen dut, 6.A-ko irakasle eta ikasleak…”.
Guztiaren gainetik bizipenen ikasketa geratzen da, eta 6. mailako ikasleek adierazi dutenez, “gure esku ez dagoen zerbait gertatzen denean, amorrua sentitzen dugu, baina, hala ere, beste ikaskuntza bat izaten da”. Gazteszenako eskaintza eskertzekoa da benetan, antzerkia eskaintzeko baldintza ezin hobeak baititugu.