Ane Arzelusen marrazkiek beteko dute Aieteko Ilustratzailearen Txokoa
Ane Arzelusen ilustrazioetako bat Hiru hilabetero, irudigile baten lana eskaintzen du Aieteko kultur etxeko Ilustratzailearen Txokoak. Oraingoan, Ane Arzelus donostiarraren lana izango da ikusgai. Arzelus ilustratzaile eta diseinatzailea da.
Haren lanak bi ezaugarri nagusi ditu: batetik, ilustrazioaren kontzeptuak komunikatzeko eraginkortasuna eta bestetik, diseinu grafikoaren mundutik datorren “gehiago gutxiago da” filosofia. Artistaren sorkuntzak ideia eta balioak komunikatzeko bideak dira: feminismoa, jasangarritasuna eta buru osasunari buruzko hausnarketaren inguruko ideiak eta balioak transmititzen dituzte.
Haur eta gazte literaturari dagokionez, 2019an bere lehen liburua plazaratu zuen: Hitzen iruditegia. Bertan, euskarazko hitzen inguruko gogoeta egiten du ilustrazioek lagunduta. Obra honekin, Clap Platinum Price Nazioarteko Diseinu saria jaso zuen, eta Bilbon bi urtez behin egiten den Selected 2020rako hautatua izan zen. 2021ean, berriz, Xomorro Lapurra albuma argitaratu zuen Irati Garmendia idazlearekin batera.
Sari eta aipamen ugari jaso ditu artistak. Besteak beste Ohorezko Aipamena jaso zuen 3×3 aldizkari amerikarrak antolatzen duen Nazioarteko Ilustrazio Aretoan. Baita Euskal Irudigileak-Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak antolatzen duen Irudika Nazioarteko ilustrazio topaketa profesionaletan ere. Bere ilustrazioak Belgradeko Illustrofest Jaialdian jarri ziren ikusgai. Obra sortzaileenaren saria ere eskuratu zuen Artista Liburuen Donostia Sarien lehenengo edizioan.
2021ean Boloniako Liburu Azokak antolatutako Ilustratzaileen erakusketarako finalisten artean hautatua izan zen. Erakusketara mundu osoko 3.000 artista baino gehiago aurkeztu ziren eta 303 finalisten artean bat izan zen Ane Arzelus. Gaur egun ilustratzaile eta diseinatzaile freelance gisa egiten du lan.
Erakusketa abenduaren 15etik martxoaren 20ra bitartean izango da ikusgai Aieteko Kultur Etxean. Asteartetik ostiralera 16:00etatik 20:30era, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara eta igandean 10:00etatik 14:0etara bisitatu ahalko da. Astelehenetan eta jaiegunetan, ordea, itxita egongo da.

