Arte eszenikoetako programazio zabala izango da negu honetan
Bilaka kolektiboaren 'Saioak' ikuskizuna.(Argazkia: Donostia Kultura) Donostia Kulturak neguan Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean, Egiako Gazteszenan, Lugaritzeko Imanol Larzabal aretoan, eta Larratxo eta Intxaurrondo kultur etxeetan emango den helduentzako eta haurrentzako arte eszenikoetako programazioa aurkeztu du.
Helduentzako programazioari dagokionez, 15 antzezlan, 7 dantza ikuskizun eta 34 kontzertu izango dira urtarriletik martxora bitartean programatu direnak. Horrez gain, udaberrian eskainiko diren beste 3 kontzertu iragarri dira. Sarrerak salgai jarriko dira bihar, hilak 14, goizeko 11:30ean, Donostia Kulturako antzoki eta kultur etxeetako leihatiletan eta Donostia Kulturako webgunean.
Besteak beste, Victoria Eugenian Mursego, Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin, Idoia, Depedro, Jose Gonzalez eta Julieta Venegas izango dira. Dantzari dagokionez, esaterako, Amaia Elizaranen Arima ikuskizuna eta Bilaka Kolektiboaren Saioak ikuskizuna izango dira Gazteszenan. Antzerkian, berriz, Txalo Produkzioaken Lehendakari gaia eta Ein Produkzioaken Agurra izango dira antzezlanen artean.
Helduentzako eta haurrentzako programazioak webgunean daude eskuragarri.

