XV. Dbus eta Gabonak haurrentzako marrazki lehiaketa egin dute
Hamabosgarren Dbus eta Gabonak haurrentzako marrazki lehiaketa antolatu du Donostiako autobus zerbitzuak, 13 urtetik beherako haurren sormena sustatzeko eta garraio publikoaren garrantzia nabarmentzeko helburuarekin. Guztira 1.592 marrazki jaso dituzte eta atzo, abenduaren 10ean, Donostiako Aquariumeko auditorioan sari banaketa egin zuten.
Lehiaketak bi kategoria ditu. A mailan 8 urtetik beherako haurrek hartu dute parte, eta B mailan 9 urtetik 12 urte bitartekoak. A mailako lehen hiru irabazleak Nikole Aramburu Sierra, Laia Larrea Dorronsoro eta Aitana Imaz Zarra izan dira. B mailan, berriz, Andrea Berganza Fidalgo, Natale Requena Salaberria eta Maddi Piris Otaegui.
Lehen hiru sailkatuez gain, gainontzeko finalistak ere sarituak izan dira. Marrazki finalista guztiak Dbusen autobusetako telebistetan agertuko dira abenduan zehar, eta autobus zerbitzuaren webgunean ere ikusgai izango dira. Horrez gain, Donostia Kulturaren kolaborazioa dela eta, aurrez aukeratutako 200 marrazki ikusgai egongo dira abenduaren 21etik urtarrilaren 23ra arte, Aiete Kultur Etxean.