Bidebietako kultur etxearen proiektua 2022ko inbertsioen artean sartzeko eskatu diote udalari
Bidebietako auzotarrak kultur etxearen aldeko dinamika bat egiten ari dira, auzoan azpiegitura hor jar dezaten lortzeko. Hori dela eta, atzo arratsaldean agerraldia egin zuten Bidebietako parkean. Eneko Goia alkateari eta udal gobernuari eskatu diote kultur etxearen proiektua 2022ko udal aurrekontuen inbertsioen artean sartzeko.
“Donostiako auzo jendetsuenetakoa izanik ere, Bidebietan ez dago kultur etxerik. Iaz, Donostia Kulturaren 30. urteurrenean, Eneko Goiak adierazi zuen kultur etxe sareari balioa emateko aukera genuela donostiarrok; bada, Bidebietan ezin dugu hori esan”, adierazi dute auzotarrek.
Bidebietaren “eskaera historikoa” da kultur etxearena. Hori adierazi zuten 2011n, udalaren Auzoak eta herriak Donostia indartzen dinamika egin zenean. Iaz, EH Bilduk 600.000 euroko zuzenketa bat aurkeztu zion udal gobernuaren 2021eko aurrekontu egitasmoari, baina ez zuten onartu. “Orain, 2022ko aurrekontua eztabaidatzen eta negoziatzen ari dira Donostiako udal taldeak, eta badakigu EH Bilduk berriz aurkeztu duela 600.000 euroko zuzenketa bat Bidebietan kultur etxea sortzeko 2022an bertan”, azaldu dute.
Auzotarrek badakite Donostia Kultura aztertzen ari dela Bidebietan kultur etxe bat jartzea. Ildo horretatik, nahitaezkoa iruditzen zaie partaidetza prozesu bat egitea auzotarrekin batera, kultur etxearen kokapenaz eta eskainiko dituen zerbitzuez hitz egiteko. “Gu ere bagara donostiarrak, guk ere zergak ordaintzen ditugu, ez dugu bazterkeria honekin jarraitzea onartzen”, nabarmendu dute.