Argi eta soinu ikuskizun bat izango da Kontxako badian hilaren 19tik 31 arte
Santa Klara irlako argi ikuskizunak. Argi eta soinu ikuskizun bat antolatu du Donostiako Udalak Kontxako badian, Donostia Sustapena eta Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza Sailarekin batera. Abenduaren 19an hasi, eta 31ra bitarte gozatu ahal izango da ikuskizunaz. Egunean lau minutuko lau emanaldi izango dira, 18:30etik 20:00ra bitarte, ordu erdian behin. Ikuskizuna Santa Klara irlatik eta Kontxako Pasealekutik egingo da, eta hiriko hainbat gunetatik ikusi ahal izango da.
Emanaldi bakoitzean argi eta soinu multzo desberdinak eskainiko dituzte, adin ezberdinak kontuan hartuz. Hori horrela, lehen emanaldia ikusle txikientzat pentsatuta dago, haurren musikarekin. Beste bi emanaldik gure kulturaren jatorria islatzeari ematen diote garrantzia, instrumentu tradizionalen soinuekin. Amaierakoa, beren beregi sortutako Geziak pieza, Sebastian santuaren omenez. Ignacio García de Paradak sortu du. Txalapartaren, albokaren eta euriaren soinuak nahasten dira konposizioan. Ikuskizuna Sebastian Arquitectos arkitektura bulegoaren ideia izan da.

