Astelehenetik asteazkenera 545 positibo Donostian
Astelehenetik asteazkenera, abenduaren 13tik 15era, 545 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Donostian. Zehazki, astelehenean 160, asteartean 171 eta asteazkenean 214. Intzidentzia metatua 1160,69koa da orain, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera. Azken datuak eman zituztenean, astelehenean 1080,65ekoa zen hiriko intzidentzia metatua, beraz, igo egin da.
Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile berriak ezarri ditu, hala nola, COVID ziurtagiria eskatzea 50etik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdi guneetan, eta leku gehiagotara zabaltzen hasi da.
Neurri eta gomendio orokorrak
Oro har, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia gordetzeko ahalegina egin beharko da leku publikoetan, eta distantzia hori gordetzeko are ahalegin handiagoa egin beharko da barruti itxietan. Modu berean, eskuak soluzio hidroalkoholikoarekin edo ur eta xaboiarekin sarriago garbitzeko ahalegina egin beharko da. Erabilera publikoko establezimenduek eta lekuek etengabeko aireztapena bermatu beharko dute. Era berean, larrialdi egoera ezarri dute eta aisialdirako jarduerak eta dantzarako aukera eskaintzen duten lekuetan Covid ziurtagiria eskatzen ari dira. Horrez gain, Eusko Jaurlaritza espazio itxietan, gimnasioetan, ospitaleetan eta ostalaritzan ere exijitzea aztertzen ari da.
COVID ziurtagiria
Covid ziurtagiria eskatuko dute 50eko edukieratik gorako taberna eta jatetxeek eta gaueko aisialdiko guneek. Donostiako Udalak iragarri du besteak beste, kiroldegietan sartzeko beharrezkoa izango dela ziurtagiria.
Maskaren erabilera
Maskara erabiltzeak nahitaezkoa izaten jarraitzen du erabilera publikokoa den edo publikoarentzat zabalik dagoen edozein espazio itxitan. Aire zabaleko espazioetan maskara nahitaez erabili beharko da, baldin eta pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia etengabe gordetzeko aukerarik ez badago, bizikide diren taldeetan izan ezik.
Edukiera
5.000 pertsona baino gehiagorentzako edukiera duten barruti itxietan, gehieneko edukiera %80koa izango da, eta ezingo da elikagairik edo edaririk kontsumitu ekitaldietan, ez barrualdeetan ez kanpoaldeetan.
Ordutegiak
Merkataritza, gizarte eta kultur jardueretarako ixteko eta irekitzeko ordutegia horren inguruan aplikagarria den ordutegien ohiko arauketara egokituko da.
Ekitaldiak
Ekitaldiak antolatzean, Osasun Publikoaren Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideak bete beharko dira. (Hemen argitaratuko dira, datozen egunotan: www.euskadi.eus/koronabirusa).
Ekitaldiak egin bitartean, barneko eta kanpoko barrutietan ura baino ezingo da kontsumitu; beste elikagairik eta edaririk ezingo da hartu. Elikagaiak eta edariak ostalaritzako eta jatetxeetako espazioetan baino ezingo dira saldu eta kontsumitu. (Adibideak: futboleko edo beste kirol batzuetako partidak, kontzertuak…).

