Bost urte Donostia 2016tik: zein legatu utzi zuen?
Urteak igaro genituen “Donostia 2016” entzuten. Europako kultur hiriburua, herritarren energia olatua, elkarbizitzaren kultura… Hitz handien atzean, krisiz eta gatazkez betetako prozesua izan zen. Nork ez du oroitzen Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren arteko besarkada hura, 2011n? Gainontzeko kultur hiriburuengandik “desberdina” izateko bokazioa izan zuen hasieratik, bidean jarriz helburua. Eta legatuan. Baina bost urte pasa dira dagoneko, eta non dago legatu famatua?
IRUTXULOKO HITZA-k atzera begirakoa egin du, garaian parte hartu zuten hainbat aktorerekin. Biharko astekarian hiru erreportaje aurkituko ditu irakurleak: Lehena, 2009tik 2016ra igarotako prozesu polemiko eta zurrunbilotsua. Bigarrena, herri mugimenduek egindako kritiketatik abiatuta, turistifikazio eta etxebizitza arazoan arreta jarriz. Eta hirugarrenean, udaleko alderdiek legatuari buruz duten iritzia jasoz.
‘Itsasargi’ baino argi-ilun gehiago izan zituen 2016ak, zalantzarik gabe, azken urteetan hiriak bizi izan duen eraldaketaren pieza garrantzitsua izateraino.

